Legazpiko eskubaloi familiak Juan Salinas omendu du
Urte luzez zuzendaritza taldeko kidea izandakoa gogoratu zuen La Salle klubak larunbatean, Bikuña kiroldegian. Gipuzkoa osoko jokalari kadeteekin lau talde osatu, eta txapelketa jokatu zuten. Urumea taldeak irabazi zuen.
Legazpiko La Salle klubak eta herri osoko eskubaloi familiak omenaldia egin zioten urte luzez zuzendaritza taldeko kide izan zen Juan Salinasi, joan den larunbatean Bikuña kiroldegian jokatutako txapelketa batekin eta ekitaldi hunkigarri batekin. Zaletu ugari hurbildu ziren Legazpiko kiroldegira 2019ko irailean hil zen Salinas gogoratzeko.
Omenaldiaren ardatza Gipuzkoa osoko jokalari kadeteekin osatutako lau taldeen arteko txapelketa izan zen. Irabazleak Urumea taldekoak izan ziren, bigarrenak Deba taldekoak, hirugarrenak Urolakoak eta laugarrenak, La Sallekoak
Eguna “ederra” izan zela diote txapelketa eta omenaldia antolatu zuten La Salleko kideek, eta gogoratu dute “unerik zirraragarriena” Salinas gogoratu zutenekoa izan zela. Haren familiakoak izan ziren ekitaldian, eta dantza, bertsoak eta opariak jaso zituzten klubaren aldetik, eta “oso gustura eta esker oneko” agertu ziren ondoren.
Txapelketan parte hartu zuten jokalariek, bestalde, haien artean harremanak sortzeko aukera izan zuten, bai partidetan, bai Aitxuri jatetxean elkarrekin egin zuten bazkarian.
Egun osoaren balantzea “oso positiboa” izan zen, eta “merezitako aitortza eta errekonozimendua jaso zuen Juan Salinasek”.