Ohiko formatuarekin dator igandeko Xabier Ortiz de Luzuriaga BTT proba
Hegialdetik abiatuko da, 09:15ean. Ibilbideak 38 kilometroko luzera eta 1.350 metroko desnibela ditu. Antolatzaileek 200dik gora partaide espero dituzte, asko herritik kanpokoak
Ohiko formatua berreskuratuta, igandean egingo da Xabier Ortiz de Luzuriagaren omenezko mendi bizikleta proba, urtero bezala, Hegialdeko jaien atarian. Antolatzaileek dena prest dute espero dituzten 200dik gora partaideak hartzeko. Izen-ematea egunean bertan egin behar da, 08:00ak eta 09:00ak bitartean, eta proba 09:15ean hasiko da.
Edizio honetako ibilbideak 38 kilometro ditu, eta 1.350 metroko desnibela. Beti bezala, hasiera eta bukaera, Hegialde auzoan izango da, eta Legazpi inguruko basoak zeharkatuz, partaideek Goierri osoko eta Aizkorri mendizerrako bistaz gozatzeko aukera izango dute. Bidean bi anoa puntu izango dira, ondo hornituak, eta amaieran ere izango da bokadu bat hartzeko aukera.
Aparkalekuak, dutxak, bizikletak garbitzeko gunea, musika, kamisetak… dena gertu dago igandeko bizikleta festarako eta, bide batez, trabesiari izena ematen dion Xabier Ortiz de Luzuriaga gogoratzeko.
Ortiz de Luzuriagak (Legazpi, 1984-2004) jubenil mailako Euskadiko Mountain Bike Txapelketa irabazi zuen 2002an. Handik bi urtera hil egin zen kotxe istripuz. Haren oroimenez hasi ziren lagunak trabesia hau antolatzen. Aurtengoa 17. edizioa da.
Proba «nahiko zorrotza»
Aitor Uribetxeberria, Xabi Galdos eta Mikel Bravo antolaketa taldeko kideak dira. Irrikitan daude aurtengo probarako. «2020an ez zen egin, baina iaz bai, COVID edizioa deitzen duguna. Ezin zenez jendea pilatu, ibilbide bat markatu genuen, eta hilabete bat eman genuen hura modu librean egiteko. Bi egunetan egin zuten askok». Sare sozialetara bidali zituzten gero argazkiak, hainbat produkturen zozketan parte hartzeko. Kamiseta ere atera zuten.
Aurtengoak ere badu berea. Partaide guztiek jasoko dute. Ibilbidea ere prestatuta dago. «Urtero berritzen saiatzen gara, baina ez da erraza». Oinarrian, «betikoa» da: «Hegialdetik atera, Aztirira eta harrobira gero, Xabiren oroimeneko monolitoa han dagoelako, eta ondoren, Larrosain-Ormakio behe aldea-Brinkolazar-Aierdi-Beain-urtegia- Amutxanda-Udanako bidegurutzea-Saletxe-Gorostiaga, eta handik auzora buelta». Guztira 38 kilometro dira, «nahiko zorrotza da, erdi mailakoa edo goi mailakoa. Baina Legazpikoei probatzeko esaten diegu beti, dena egiteko gai ez denak herrira itzultzeko erraz duelako».
Herrikoez gain, kanpotar asko ere izaten dira. Eguraldi onarekin, 200dik gora partaide espero dituzte. «Gehiago etortzen badira, lasai, gure laguntzaile fidelei esker inor ez da geratuko azken pintxorik gabe txosnan». Txosna hori, Laubideko kale nagusian jarriko duten karpapean egongo da. Proba amaieran giro ona ziurtatuta izango da han.