Aurtengo Oilar Jokoa Korpus egunean bertan egingo da
San Joan bezperarekin bat egiten zuen aurten, eta aste bete aurreratzea erabaki dute, ekainaren 16ra. Ohi bezala, 19:00etan hasiko da, plazan.
Ohi baino aste bete lehenago egingo da aurten Legazpiko Oilar Jokoa. Korpus Zortzigarrenean egiten da normalean, baina aurten data horrek San Joan bezperarekin bat egiten duenez, aste bete aurreratu dute. Aurtengo Oilar Jokoa, beraz, ekainaren 16an egingo da, Korpus egunean bertan.
Oilar Jokoa 19:00etan hasiko da, Euskal Herria Plazan, eta beti bezala, Goiz Deia txistulari bandak joko duen Tranka-tranka doinuaren laguntzarekin egingo da. 12 urtetik gorako neska-mutilek parte hartu ahal izango dute. Parte hartzeko jokoa hasi aurretik bertan azaldu besterik ez da egin behar. Saria 20 eurokoa izango da.
Legazpiko Udalak deialdi berezia egin du herritarrak parte hartzera animatuz, urtetik urtera partaidetza jaisten joan delako, eta bi urteko etenaldiak mesederik egingo ez duelakoan dagoelako. “Mende luzeetako tradizioak jarraituko badu, ezinbestekoa da jendeak parte hartzea”.
2019an egin zen azkenekoz Oilar Jokoa, eta orduan Elene Muñozek lortu zuen lurrean markatutako bidean aurrera egin eta oilarra zegoen tokiraino iristea, txistularien eta publikoaren laguntzarekin.