Uriarte garaile Seguran
San Joan sari nagusia jokatu da igandean. Euskaldun Txapelketako azken aurreko proba izan da. Bigarren Mikel Mujika helmugaratu da, eta Mulu Hailemichael hirugarren
64. San Joan Sari Nagusia jokatu zen igandean Seguran. Elite eta 23 urtez azpikoen mailetako ehundik gora ziklista elkartu ziren herrian Segurako Txirrindulari Elkarteak antolatutako proban parte hartzeko. 106 ziklista inskribatu ziren lasterketan eta 21 txirrindulari helmugaratu ziren azkenean, 131 kilometroko ibilbidea osatuta. Diego Uriarte barañaindarra nagusi izan zen lasterketan, eta bera bakarrik sartu zen helmugan, 3 ordu 10 minutu eta 29 segunduko denboran. Atzetik, 47 segundura iritsi zen Mikel Mujika legazpiarra, eta hirugarren postua, aldiz, Mujikatik 10 segundora, Mulu Hailemichael etiopearrak lortu zuen. Batez beste 41,57 kilometro orduko abiaduran ibili zirentxirrindulariak, Segura, Zegama, Liernia eta Zerain inguruan.
Azken aurrekoa
Euskaldun Txapelketako azken aurreko proba izan zen Seguran jokatu zena. Txapelketarako puntuagarria izango den azken proba Tolosako Jose Mari Anza Memoriala izango da, hurrengo larunbatean. Laboral Kutxako Xabier Berasategi olaberriarra doa lider sailkapenean, 141 punturekin, eta bigarren talde bereko Enekoitz Azparren donostiarra, 118 punturekin. Bi txirrindulariak 23 urtez azpiko Italiako Giroan dabiltza lehiatzen egunotan.