Agurtzeko unea iritsi zaio Txindata Musika Eskolari
Ormaiztegiko eta Gabiriako Txindata Musika Eskola itxi egingo dute. Bihar, Ormaiztegin egingo dute ikasleek kontzertua, elizan, 18:00etan, eta astelehenean Gabirian, elizako saloian, 19:00etan.
Musika ikasi nahi duten Omaiztegiko eta Gabiriako haurrek beste herri batzuetako eskoletara jo beharko dute aurrerantzean, bi herri horietako Txindata Musika Eskolak amaitu baitu oraingoz bere ibilbidea. Ikasturtea amaituta, eskola itxiko dute ikasle gutxi daudelako. Asteartean azkeneko klaseak emango dituzte.
Azken urteetan geroz eta ume gutxiago izan dituzte eskolan, eta klaseak emateko kopuru batzuk bete behar dituztela azaldu du Josune Agirre zuzendariak: «Gurasoen kuotarekin eskola ez doa aurrera, eta udalen diru laguntzekin ere ez da betetzen». Ikasturte honetan eskolan ibili diren ikasle askok ez dute hurrengo ikasturtean jarraituko, eta «ezinezkoa» da eskolarekin segitzea.
«Pena handiarekin utziko dugu. Urte pilo bat egon gara eta momentua iritsi da». Herritarrek berriz eskatuko balute, agian norbait animatuko litzatekeela dio, baina oraingoz egoera eutsiezina dela. Agirre duela 25 urte hasi zen Txindata Musika Eskolan lanean, baina aurretik ere bazegoen: «35 bat urte gutxienez baditu eskolak». Esperientzia «oso onak» bizi izan dituzte bertan. Ikasle asko zeudenean, taldeak sortzeko edo jaialdietan parte hartzeko aukera izan dute, eta instrumentuen aukera ere zabalagoa izan da beste urte batzuetan. «Azkeneko urteetan hain jende gutxi zegoenez instrumentuen aukera ere desagertzen joan da». Egoera luzatu ordez, eskola ixteko unea iritsi da. «Penarekin baina gustora. Hau gehiago luzatzen badugu sentsazioa are okerragoa izango da».
Azken kontzertuak
Ikasturteari eta eskolari agur esateko kontzertu bana egingo dute ikasleek herri bakoitzean. Ormaiztegin, bihar izango da, elizan, 18:00etan. Hileta egongo balitz aurreratu egingo litzateke. Gabirian, aldiz, astelehenean izango da, 19:00etan, elizako saloian.