Antzerki taldeak famaren eta mitologiaren inguruko obra bana estreinatuko du
'Gure ondoko mundu magikoa' eta 'Noraino iritsiko zinateke' lanak antzeztuko dituzte etzi, lehen aldiz. Anita Alonso beasaindarrak idatzi ditu gidoiak. Umore kutsuko lanak dira
Haurren taldea | Gazteen taldea |
Antzerki tailerrak sekula interpretatu gabeko bi lan gorpuztuko ditu etzi: Gure ondoko mundu magikoa eta Noraino iritsiko zinateke. Obra solteak izan arren, bata bestearen atzetik antzeztuko dituzte. 17:00etan hasiko da jaialdia, Usurbe Antzokian. Sarrerak 4,50 euro balio du.
Antzerki tailerreko txikienek egingo dituzte aktore lanak Gure ondoko mundu magikoan, bost eta zortzi urte bitartekoek. Anita Alonso gidoilariak eta zuzendariak ez du asko aurreratu nahi izan, «sorpresa mantentzeko». «Mitologiaren inguruko lan bat da. Askotan uste dugu gure mundua bakarrik existitzen dela, nahiz eta jakin ez dela horrela», bota du amua.
Noraino iritsiko zinateken helduenek hartuko dute parte, bederatzi eta hamahiru. Antzerki tailerrean dabilen ikasle kopuru handiari esker banatzeko aukera dutela nabarmendu du Alonsok. «Gaur egun edonor agertzen da telebistan eta edonor bilakatzen dugu famatu. Horren inguruko hausnarketa bat da», laburbildu du.
Bi emanaldietan umorea ez dela faltako zin egin du.
‘Manicom place’
Alonsoren Manicom place antzezlana interpretatu zuten aurreko astean Hijos de Martin y Loinaz junior taldeko antzezleek. Usurbe bete egin zen garai batean antzerki tailerreko ikasle izandako aktoreak ikusteko. Iazko arrakastari jarraipena eman zioten.
Alonsok jendearen harrera eskertu du, aktoreek ikasturtean zehar egindako lanari zentzua ematen diolako.