Bueltan da Korpus eguna
Larunbat goizean egingo dute Korpus eguneko krosa eta arratsaldean, afari merienda egingo dute plazan. Bi urteko etenaren ondoren, 42. edizioa egingo dute
Bi urteren buruan, Korpus eguna ospatuko dute Legorretan, etzi larunbata. Goierriko leku gutxitan bezala gorde dute ospakizun hau. Goizean, krosa izango da , eta arratsaldean, berriz, afari-merienda egingo dute herriko plazan.
Goiz partea beraz, kirolari eskainiko diote. Haurren txanda izango da lehendabizi, 10:30ean, eta helduena ondoren, 11:30ean. 7,5 kilometroko ibilbidea egin beharko dute partaideek. Bilkoin, Jota Kea, Pikuk Atletismo Taldea eta Aldapa Haundi elkarteak antolatzen dute krosa udalaren laguntzarekin.
Lasterketan parte hartzeko izena eman behar da. Aurrez, www.kirolprobak.com webgunean. Bide hau aukeratzen dutenak, Insausti jatetxean bi lagunentzako afari baten zozketan sartuko dira. Egunean bertan ere eman daiteke izena, 11:00ak arte udaletxean. Informazio gehiagorako idatzi kultura@legorreta.eus epostara edo deitu 943 085 050/943 08 40 00.
Gogoratu, trafikoan eragina izango duela krosak. GI-2131 errepidea itxita egongo da 11:30etik 12:30era itxita egongo da 3,5 kilometrotik 4,5 kilometrora.
Afari merienda
Arratsaldean, ardo dastatzea eta txapelketa egingo dituzte. 18:00etatik aurrera izango da hori, eta 18:30ean berriz, zahagi ardoa eskainiko du Udalak eta 19:30etik aurrera, afari meriendak.
Aurten ere, udaletxeko mahai eta aulkiak erabilgarri egongo dira Korpus egunerako arratsaldean egingo den festarako. Behar duenak, eskaera aurkeztu beharko du udaletxean edo udalaren webgunean.