Lazkao musika eszenan
Aholehor Fest jaialdia egingo dute larunbat iluntzean. Zirkuitu alternatiboko hiru talde gonbidatu dituzte. La URSS munduan zehar ari da jotzen. Tatxers eta Pinpilinpussies, bertako adibide
Musikaren arloa garatzeko, eta bereziki zirkuitu alternatiboetan dabiltzan taldeen eskaintza ezagutarazteko, kultur proiektu bat abian da Lazkaon. Aholehor elkartearen baitan bildu direnek —gehiago ere badabiltza— urtero garaitsu honetan musika jaialdi bat antolatzeko lana hartu du. Larunbat honetan izango da Aholehor Fest, 19:00etan hasita, Lazkaoko skate parkean.
Hiru taldek joko dute. Kartelburu, eta, ondorioz, azkena joko duena, La URSS talde andaluziarra da. Mundu mailako proiekzioa hartu du, eta Lazkaon entzuteko aukera paregabea eskainiko du Aholehor Festak. «Estatuko punk talderik indartsuenetako bat da, eta mundu mailan biraka dabiltza», azaldu du antolakuntzako Aitor Artzak.
Aurretik, bi euskal talde
Jaialdia 19:00etan hasiko da, eta sarrera debalde da. Lazkaoko Udalarekin lankidetzan antolatu dute, eta finantzaketa horrek ahalbidetu du doan izatea.
La URSSen aurretik, bi euskal talde aterako dira oholtzara. Pinpilipussies bikoteak Hipocondria bigarren diskoa aurkeztuko du. «Durangoko eta Bartzelonako bi neskak osatzen dute taldea, eta estatu mailan jotzen ari dira», zehaztu du Artzak.
Ondoren, Tatxers hirukote iruindarrak joko du. Euskal pop-punkaren egungo talde onenetakoa eta «freskoena» da. «Jotakie, Hertzainak, eta garai hori gogoratzen du, punk ingelesarekin nahastuta».
Hasiera puntuan
Aholehor Festekin, edukiz sakonera eta denboran luzapen handiagoa duen musika-eszena egonkortu nahi dute eragile lazkaotarrek. Batetik, oihartzun handiagoko taldeak ekarrita, «pauso bat» eman dute. «Etorkizun baterako, ez dugu baztertzen biran dabilen talde atzerritarren bat harrapatuz gero, gure jaialdira gonbidatzea», gehitu du Artzak. Urtean behin, garai honetan, egin nahi dute jaialdia.
Bestetik, leku egonkor bat atondu nahi dute, musika jaialdietarako «lokal» bat. «Baikorrak gara, Lazkaon badago borondate bat udalarekin batera elkarkidetzan halako lokal bat egokitzeko eta kontzertuak muntatzeko. Itxaropena ematen digu».
Oraingoz, aho zaporea hartzeko, Aholehor Fest, etzi Lazkaon.