Pandemiaren biktimak omenduko dituzte igandean Zumarragan
Ekitaldia Zelai Arizti aretoan izango da, 12:30ean. Dantzariek, ikastetxeetako haurrek, musika eskolako ikasleek eta Goiargi abesbatzak parte hartuko dute, besteak beste.
Herriko jaiak ospatu aurretik, eta pandemiak eta horren ondorioek markatutako azken urteetako zikloari amaiera emateko, Zumarragako Udalak pandemiaren biktima guztiak omentzeko ekitaldia egin nahi du, errespetuan, enpatian eta hausnarketan oinarrituta. Ekitaldia igandean izango da, 12:30ean, Zelai Arizti aretoan. Herritar guztiak daude gonbidatuta.
Ekitaldian hainbat herritarrek parte hartuko dute. Andoni Salamero ekitaldiaren aurkezpenaz arduratuko da eta Igarki Buscak eta Mari Carmen Viedmak pandemiari buruzko testigantza bana irakurriko dute.
Horretaz gain, belaunaldi ezberdinetako lau dantzarik aurreskua dantzatuko dute. Lau dantzariak Jon Kalzada, Oihane Vicente, Uxue Kerejeta eta Luis Fernandez dira. Ondoren, ikastetxeetako haurrek ekitaldi sinboliko batean parte hartuko dute. Amaitzeko, Secundino Esnaola musika eskolako haurrek eta Goiargi abesbatzak Txoria txori abestuko dute.
Esanahi berezia duen txartela
Ekitaldian txarteltxo bat banatuko zaie bertaratuei. Txartel horretako irudia Margari Guijarrok margotu zuen, pandemia garaian hil zen bere senarraren omenez.
Ekitaldia atzo aurkeztu zuten Zelai Arizti kultur etxean. Aurkezpenean Mikel Serrano alkateak eta Salamerok parte hartu zuten. Serranok pandemiaren giza kostua «deskribaezina» dela esan zuen.
Zumarragan koronabirusaren ondorioz ehun pertsona inguru hil direla gogoratu zuen eta baita pandemia garaian hil diren beste asko bakardadean hil direla ere. «Pandemia hau oso krudela
izan da adineko pertsonen belaunaldiarekin eta gure miresmena eta errespetua merezi dute. Gerra bat bizi eta gainditu zuten, baita gerraostea ere. Askatasuna eta demokrazia ekarri zituzten herrialde honetara. Konkista kolektiboengatik, eskubide sozial eta zibilengatik, norbanakoen interesak ahaztuz, elkartu egin ziren. Desiratutako erretiroaren ondoren, seme-alabei laguntza eman beharrean aurkitu ziren, 2008ko krisi ekonomikoak ondorio latzak ekarri baitzituen. Horregatik guztiagatik, jaiak ospatu aurretik, pandemiaren biktima izan diren zumarragar guztiei omenaldia egiteko unea iritsi dela iruditu zaigu».