Bost goierritar Euskal Herriko bertsolari txapelketan
Amaia Iturriotz eta Maialen Akizu lehenengo aldiz ariko dira txapelketa nagusian. Nerea Elustondo legazpiarrak, Iñaki Apalategi beasaindarrak eta Iban Urdangarin ataundarrak osatuko dute Goierriko ordezkaritza. Azkeneko txapelketan finalista izan zen Aitor Sarriegi beasaindarrak uko egin dio txapelketan parte hartzeari.
Euskal Herriko bertsolari txapelketa aurkeztu dute gaur Bilbon. Atzera kontua hasi dela esan daiteke, dagoeneko txapelketa nagusian parte hartuko duten 42 bertsolarien izenak ezagutarazi baitituzte, eta baita kanporaketen egutegia ere.
Guztira 42 bertsolarik hartuko dute parte, tartean izango dira bost goierritar: lehen aldiz ariko dira Amaia Iturriotz eta Maialen Akizu urretxuarrak (hainbat bertsolarik uko egin diotelako sartu da zerrendan). Nerea Elustondo legazpiarrak 4. aldiz parte hartuko du, Iñaki Apalategi beasaindarrak 3. aldiz eta Iban Urdangarin ataundarrak 2. aldiz.
Aitor Sarriegik ere bazuen txartela Euskal Herriko txapelketarako azkenekoa finalista izan zelako; hala ere, orduan esan zuen bezala, uko egin dio txapelketan parte hartzeari.
Irailaren 24tik abenduaren 18ra
Getxon (Bizkaia) izango da lehenengo kanporaketa, irailaren 24an. Final handia, berriz, Iruñean, Nafarroa Arenan, abenduaren 18an. Goierritarren hitzorduak ondorengoak dira:
- Irailak 24, Getxon (Bizkaia). Nerea Elustondo.
- Irailak 25, Arrasaten (Gipuzkoa). Iñaki Apalategi.
- Urriak 2, Gasteizen (Araba). Amaia Iturrioz eta Iban Urdangarin.
- Urriak 9, Lizarran (Nafarroa). Maialen Akizu.