Armen alardea egingo dute gaur arratsaldean Legazpin
San Joan bezperako ohitura berreskuratu da, bi urteko etenaldiaren ondoren. Desfilean 85 lagunek parte hartuko dute, eskopetekin, txilibitoa jotzen eta laguntzaile gisa.
Hasieran nahiko partaide ez zituela-eta bertan behera uztekotan egon baziren ere, azkenik kaleratuko da Legazpiko armen alardea. Gaur da hitzordua, 18:30ean Laubiden. Handik abiatuta, ohiko ibilbidea egingo dute herrian zehar, bidean tiroak botatzeko geldialdiak eginez. Amaiera herriko plazan izango da, udaletxe aurrean. Han partaideen zerrenda irakurriko dute, eta azken salbak joko dituzte.
Aurtengo alardean 85-bat lagunek parte hartuko dute. Gehienak eskopeteroak dira, baina txilibiteroak, txistulariak, musikari gehiago eta laguntzaileak ere izango dira. Txilibiteroek eta txistulariek 18:00etan agertu beharko dute beste musikariekin batera Laubiden, Maiatza tabernaren parean, eta gainerako partaideek 18:15ean.
Idiak tiratutako karroa buruan dutela egingo dute desfilea ondoren, herria eskopeta tiro zaratekin betez. Legazpi Seguraren menpe zegoen garaiko ohitura zaharra gogoratuko da berriz horrela, San Joan bezperan egiten zena.