Basoen zainketarako ikasleen proposamenek badute udalaren erantzuna
Eskola Agenda 2030ean landu dute basoen gaia. Basoak garbi mantentzeko kanpainak egitea eta bertako espezieak sustatzea dira ikasleen eskariak. Baso eguna antolatzea ere proposatu dute
Legazpiko Udalak erantzun die herri inguruko basoak zaintzeko proposamenak eta eskariak egin dituzten ikasleei. Amaitu berri den ikasturtean zehar Eskola Agenda 2030 programaren baitan landu duten gaia izan da basoena, eta maiatzaren hasieran aurkeztu zizkieten lanketa horren emaitzak udal ordezkariei. Tartean, hainbat proposamen eta eskari egiten zieten udalari.
Hilabete beranduago, Maite Lonbide Tokiko Garapen Iraunkorreko zinegotziak bideo baten eta idatzi baten bidez erantzun die udalaren izenean. Biak www.legazpi.eus webgunean daude ikusgai.
Sensibilizazio kanpainak
Basoa garbi mantentzeko eta zaintzeko kanpainak eta ekintzak antolatzea eskatu diote ikasleek udalari, eta honek baiezkoa eman die, baina baldintza bat jarrita: «Horretarako laguntza eskatuko dizuegu, bai mezua zabaltzeko bai basoa garbi mantentzeko».
Hasteko, Legazpiko zuhaitzak ezagutarazteko kanpaina bat egingo dute laster, herrigunean daudenetatik abiatuta, gehienak Agirre-Etxeberri parkekoak. 40 zuhaitz aukeratu dituzte, eta bakoitzaren ondoan espeziearen izena eta jatorria adieraziko dituen plaka bat jarriko dute.
Basoak zaintzeko ibilgailuen zirkulazioa kontrolatzeko ere eskatu dute ikasleek, baina udalak horretarako eskumenik ez duela erantzun die, hori basozainen eta Ertzaintzaren ardura baita.
Bestetik, zuhaitz autoktonoen inguruan egindako eskariari erantzunez, baserritarrei eta jabe pribatuei lursailen kudeaketarako aholkularitza eskaintzen dietela jakinarazi die udalak, eta arlo horretan foru aldundiak hainbat diru laguntza ematen dituela ere bai.
Gai horri dagokinez, Legazpiko basoen %73an pinua eta alertzea landatuta dagoela azaldu die, eta udalaren jabetzako sailetan bertako espezieetako zuhaitzak landatzeko konpromisoa hartuta dutela gogorarazi die.
Basoen eguna
Amaitzeko, ikasleen beste eskari bat Basoen Eguna antolatzea zen, basoen onuraz sentsibilizatzeko. Antzeko filosofia duen Zuhaitz Eguna egiten dela gogoratu die udalak, eta bi egun horiek bateratzeko hausnarketa egingo dutela agindu die, Zuhaitz Eguna eguneratuz eta basoei buruzko sentsibilizazioari erreparatuz.