Herriko kirolari txapeldunak omendu dituzte Segurako plazan
Aiara Garaialde, Ane Iparragirre, Eneko Agirrezabal, Ethan Cabanillas, Ander Oiarbide, Egoitz Berasategi, Jokin Izagirre, Artea Goiburu eta futbol elkarteko kadete nesken eta erregional mutilen taldeak omendu dituzte.
San Joan festak atzo hasi ziren Seguran. San Joan eguna ospatzen dabiltza gaur segurarrak, jaietako bigarren eguna. Kriseilu Txistulari taldearen goiz eresiarekin hasi dute gaurko eguna 10:15ean. Eguerdian Sebastian Lizaso eta Nerea Ibarzabal bertsolarien saioa eta herriko koruaren emanaldia egon da Arabarren plazan, eta hamaiketakoa gero. 13:00etan, berriz, herriko kirolariak omendu dituzte plazan. Aiara Garaialde, Ane Iparragirre, Eneko Agirrezabal, Ethan Cabanillas, Ander Oiarbide, Egoitz Berasategi, Jokin Izagirre, Artea Goiburu eta futbol elkarteko kadete nesken eta erregional mutilen taldeak izan dira omenduak.
Garaikur bana jaso dute txapeldunek, eta herri kirolak izan dira ondoren. Ugaitz Mugerza, Xabier Dorronsoro, Aitor Urteaga eta Iñaki Azurmendi aizkoran, Udane eta Joseba Ostolaza harriak jasotzen, eta Karmele Gisasola eta Uxue Ansorregi aizkoran, txingetan, korrika eta harriekin ibili dira.
Mozorrotuen eguna ospatuko dute arratsaldean. 15:30ean mozorro bazkaria eta bingo musikatua egingo dute txoznetan. 18:00etan buruhandiak eta gizaundiak aterako dira kalera, eta ordu berean binakako pilota partidak egongo dira Baratze pilotalekuan. Batetik, Irribarria-Iztueta bikoteak Zubizarreta-Garcia bikotearen aurka jokatuko du, eta bestetik, Urrutikoetxea-Imaz bikoteak Artola-Mariezkurrena II bikotearen aurka. Sarrerak lehiatilan eros daitezke 15 euroan.
20:30ean koadrilen mozorro topaketa egingo dute plazan, eta gauean kontzertuak izango dira. Plazan, 23:30ean Mugi panderoa musika taldea ariko da, eta txoznetan, 23:00etatik aurrera, Tirokatuak taldea, Soinuz blai erromeria eta DJ Maixu.