Motxila bete abentura, etxetik atera gabe
Jolasaren bitartez harremanak eta aniztasuna lantzea, horixe da Ikertze eta Sorginlore elkarteek antolatutako Motxila Laranja egitasmoaren xedea. Goierrin eta Urola Kostan egingo dute, uztailean, eta 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago.
Anne Carson poeta kanadiarrak dioenez, bidaia baten arau bakarra ondokoa da: “Ez zaitez itzuli joan zinen bezala. Itzul zaitez ezberdin”. Izan ere, bidaia gehienak abenturen sinonimo dira, esperientziak biltzeko zakuak edo errutinatik ihes egin eta hegan egiteko aitzakia ezinbestekoak. Modu askotara bidaiatu daiteke, eta, horregatik, Ikertze eta Sorginlore elkarteek uztailean motxila laranja hartu eta Goierrin eta Urola Kostan abentura bat bizitzeko proposamena egin diete 12 eta 18 urte bitarteko gazteei.
Motxila Laranja ihes kalea edo escape street izena eman diote abenturari, eta datozen asteetan Lazkaon, Itsasondon, Seguran, Zarautzen, Aian eta Zumaian garatuko dute. Eusko Jaurlaritzaren Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak diruz laguntzen duen Begirada Kontzienteak programaren barruan aurkeztu dute egitasmoa, eta, jolasaren bitartez, gazteekin “harremanak eta aniztasuna” eta halako gaiak lantzea du helburu. Zarauzko eXperientziak elkartea arduratu da jolasaren diseinuaz, eta Goieki Goierriko Garapen Agentziaren eta Goierri eta Urola Kostako hainbat udalen laguntza “ezinbestekotzat” jo dute antolatzaileek.
Herriak deskubrituz
Motxiladun bidaiarien irudia berreskuratu eta gazteentzat interesgarria izan daitekeen jarduera bat antolatzen saiatu dira proiektuaren sustatzaileak. Maider Sagredo Sorginlore elkarteko kideak azaldu duenez, ez dute bidaiarik egingo. “Baina herriak deskubrituko ditugu. Agian, hor daudela jakin bai baina benetan ezagutzen ez ditugun lekuak ezagutuko ditugu”. Laranja ez da ausaz aukeratutako kolorea; bere zergatia eta esanahia ditu. “Baina bidaian bertan deskubritu beharreko zerbait da hori”.
Ihes kaleak edo escape street egitasmoak azken urteetan bogan jarri diren ihes gela jolasen kaleko bertsioak dira. Berezko ihes geletan ez bezala, kalean garatuko dute Motxila Laranja, baina jokoaren dinamika antzekoa izango da. Leire de Miguel Ikertze elkarteko kideak azaldu duenez, ordubeteko tartean, bidaia leku jakin batean hasi eta helmugara iristea da helburua. “Horretarako, bidean erronka jakin batzuk gainditu beharko dituzte parte hartzaileek”. Ohiko ihes geletan bezala, taldeka parte hartu beharko da Motxila Laranjan ere. Gutxienez bi pertsonakoak eta gehienez seikoak izango dira taldeak, eta Ikertze edo Sorginloreren webguneetan sartuta eman daiteke izena. Herri bakoitzean bi saio egingo dituzte, 17:00etan eta 19:00etan, eta bidaia edo saio bakoitzeko zortzi taldek har dezakete parte.
Parte hartzaileek abentura bizi nahi duten herria eta ordua aukeratu beharko dituzte, baina bezperara arte ez dute jakingo non elkartuko diren. “Sakelakoan mezu bat jasoko dute aurreko egunean, eta bertan jakinaraziko zaie ordua”, azaldu du De Miguelek. Talde bakoitzari motxila laranja bat eta mapa bat banatuko dizkiote jolasa hasi aurretik. “Erronka botako diegu, eta orduan hasiko da jolasa”, adierazi dute antolatzaileek.
Jolasa da lan tresna
Proiektuari forma ematen hasi aurretik, lanketa bat egin zuten Goierriko eta Urola Kostako 12 eta 18 urte bitarteko gazteekin eta haien hezitzaileekin, “euren interesak, kezkak eta nahiak zeintzuk ziren identifikatzeko”. De Miguelek azaldu duenez, azterketa horretatik atera zen harremanen inguruko hausnarketa eta lanketa bat egiteko beharra. Euskal Herriko Bilgune Feministaren laguntzarekin egin zuten lanketa.
Sagredok uste du gazteekin zenbait gairen inguruan hitz egite soilak “batzuetan” ez duela balio izaten hainbat helburu lortzeko, “askotan mezua ez zaielako iristen edo mezu horrek ez dielako interesik sortzen”. Jolasaren bitartez, ordea, esparru asko landu daitezkeela gaineratu du De Miguelek: “Taldean parte hartu behar dutenez, harremanak ikuspegi ezberdinetatik lantzeko aukera polita eskaintzen die”. Ez da bi elkarteek elkarrekin egin duten lehen proiektua, eta zehaztu dute ez dela azkena izango. Izan ere, Paradisu ihes gela izenburupean, Orion eta Ordizian egingo dute beste lanketa bat, irailetik azarora eta urtarriletik martxora, hurrenez hurren.
MOTXILA LARANJA
Uztail honetan, ondorengo herrietan izango da Motxila Laranja proiektua. Bi saio izango dira herri bakoitzean, 17:00etan eta 19:00etan:
· Lazkao. Uztailak 5, asteartea.
· Itsasondo. Uztailak 6, asteazkena.
· Segura. Uztailak 7, osteguna.
· Zarautz. Uztailak 11, astelehena.
· Aia. Uztailak 12, asteartea.
· Zumaia. Uztailak 13, asteazkena.