Suteei aurre egiteko neurri eta baliabide gehiago eskatu dituzte Ataungo eta Zaldibiako udalek
Bi udalek agiri bateratua atera dute, Aralarko sutearen harira. Suhiltzaile, basozain eta laguntza-taldeetako kideek egindako lana eskertu dute, eta ekarpenak egiteko prestutasuna agertu dute.
Pasa den asteburuan Arastortz mendiaren inguruan izandako sutearen harira, Ataungo eta Zaldibiako Udalek agiri bateratua argitaratu dute gaur. Bertan, gertatutako guztiaren analisia egin dute, eta “bizitako egoeraren eta ikusitako gabezien aurrean, herritarrei informazioa zintzoki” emateko beharra sentitu dutela adierazi.
Batetik, sua itzaltzeko lanean aritu direnen lana eskertu nahi izan dute: “Suhiltzaile, basozain eta laguntza-taldeetako kideak izan ziren sua itzali eta kalteak eta ezbeharrak handiagoak ez izatearen arduradunak; Zaldibia eta Ataungo alkateok zuzeneko jarraipena egitera joan ginenean zuzenen adierazi genien; eta berriz ere publikoki berretsi nahi diegu gure esker ona”.
Tamalez, ordea, “ezin dugu berdina esan Foru Aldundiak izandako eskuhartzeaz”. Bi udalen arabera, “arduradunen aldetik aurretik eginiko antolakuntzak, eskumen banaketak eta baliabideen aurreikuspen egokiak, suteak eragindako kalteak gutxituko zituzkeen. Eta hori da, hain zuzen ere, faltan bota duguna”.
Izan ere, Aralarko Parke Naturalean 25 ha erre dira, horietako asko Aralarko Parke Naturaleko Natur baliabideen Antolamendu Planean erreserba eta babes barruti bezala izendatuak, eta hegaztien kumatze garai betean. “Halako ezaugarriak dituen eremuan jarduteko bestelako neurri eta baliabideak izan beharko lirateke eskura”.
Ekarpena egiteko prest
Bi udalek, “ekarpena egiteko prestutasuna” berretsi dute, “suteari aurre egiteko unean, udaletan edo herrian izan genitzakeen baliabideak jartzeko”. Sutea piztu zenean hala egin zuten, eta sua itzaldu ondoren ere, haien “ikuspuntua azaldu eta ekarpenak egiteko prest” agertu dira. “Klima aldaketak zoritxarrez areagotu egin ditu bero-aldiak eta sute arriskuak, eta egoerak ez du epe motzean hobera egingo. Kasu hauetan prest egoteko neurriak hartzea dagokigu erakunde publikoei. Beraz, Foru Aldundiari luze gabe lan horri ekiteko eskaera egiten diogu”.
Oharra bukatzeko, “gure senide nafarrei” keinua egin nahi izan diete bi udalek, “Aralarko alde honetatik, besarkada eta indarra” bidaliz.