Zubiaurre baserrian, hiru belaunaldi belar lanetan
Aurreko asteko beroaldiek belar lanetan ezarritako martxaren ondoren, zeregin horiei dagokienez atseden egunak dituzte Zubiaurre baserrian orain. Hiru belaunaldi elkartzen dira lan horietarako.
Familia bereko hiru belaunaldi bizi dira Brinkolako Zubiaurre baserrian, bi etxebizitzetan banatuta, eta hiru belaunaldiak elkartzen dira belar lanetarako, eta beste lan askotarako.
Ramon Gorospe (1953) eta Belen Madinabeitia (1957) dira lehen belaunaldia, Iñigo semea (1977) bigarrena, eta horren hiru semeak hirugarrena: Aitzol (2008), Oinatz (2011) eta Itoitz (2016) Gorospe Karrera.
Garai bateko lanak
Belen eta Ramon dira familia honen buruak, eta aurrekoen martxarekin jarraitu zutenak. Belen Zubiaurgoa da eta ohitua zegoen baserriko lanetara, baina Ramon harekin ezkontzean iritsi zen, eta ordura arte sekula ibili gabea zen zeregin horietan. Bi behi zituzten orduan, duela 45 urte, eta orain baino lursail gutxiagorekin egiten zuten lan. Jose Mari aitaginarrebak erakutsi zion belarra segarekin mozten, sega zorrozten eta beste lan asko egiten.
Belenek gogoratzen duenez, «orduko lana askoz ere gogorragoa zen, traktorerik eta sega makinarik ez genuelako, eta dena eskuz egiten genuelako. Gainera, gure zelaiak oso aldapatsuak ziren». Gaur egun batean egiten dutena egiteko, orduan asteetan egiten zuten. «Belarra moztu, zabaldu, buelta eman, bildu, eta hurrengo egunean berdin, arratsaldean sortak eginda bizkar gainean etxera eramateko».
Sortak egiteko belar-zamak egin behar ziren aurretik, eta horretan espezialista Ines Iñurritegi zen, Belenen ama. «Zamak ondo egiten erakutsi zigun, bestela sorta desegin egiten zen! Zelaiko belar hondarrak biltzen ere erakutsi zigun amak».
Traktoreen laguntza
Zubiaurgo lehen traktorea «berandu» iritsi zela gogoratzen du bikoteak, «aitari ez zitzaion gustatzen makinetan dirua gastatzea, baina ekarri genuenean estimatu zuen. Motozerrarekin eta sega-makinarekin, berdin».
Ordurako Iñigo koskortuta zegoen, eta baserria gustuko zuela argi zuen. Hura ikusita, esne behi gehiago jarri zituzten, eta inguruko baserriek libre utzitako zelaiak erabiltzen hasi ziren, lauagoak eta hobeak ziren. Etxeko ukuilua ere handitu zuten, baina urte gutxitara, Iñigorentzako etxebizitza egiteko, kanpora atera behar izan zuten, eta pabilioi bat egin zuten behientzat. Buru gehiago jarri zituzten orduan, haragitarako behiak. Gaur bederatzi buru dituzte.
Traktore gehiago eta handiagoak ekartzen ere hasi ziren. «Hasieran, Muntegiko Jabierrek egiten zizkigun fardoak, baina beti ez zegoen libre, eta etxerako traktore bat eta paketatzaile txiki bat erostea erabaki genuen», Iñigok azaldu duenez. Lana handitzen joan zitzaienean, hura gutxi zela eta makina gehiago eta handiagoak erosi zituzten. Iñigoren garaiak ziren haiek dagoeneko.
Belaunaldi gazteak
«Ganadua, belar lanak eta traktoreak gustuko izan ditut beti, eta baserriari jarraipena ematea erabaki nuen». Berari lan dezente egitea egokitu zaio, baina ez du damurik, gustatzen zaio. Horregatik erakutsi die lanbidea, hiru semeei. «Jolasean-edo, baina ikasi dute eta egiten dituzte baserriko lanak».
Aitzoli abereak gustatzen zaizkio batez ere, «behiak, ahuntzak, poniak eta behorrak ditugu». Oinatzek traktoreak nahiago ditu, eta handitan ingeniaria izan nahi du, «nire traktoreak egiteko». Itoitzi biak gustatzen zaizkio, abereak eta makinak, batez ere ondoan adin bertsua duen Luar lehengusua duenean.
Baserritik bizimodua ateratzeko moduan ez ditu ikusten Iñigok, «gaur egoera oso zaila» delako, baina nork daki etorkizunean zer geratzen den.