Eguraldi kaskarrari aurre eginez, giro bikainarekin ari dira ospatzen jaiak Ordiziako Otegi-enean
Mus txapelketa, eskulanak, txaranga eta buruhandiak eta dantzaldia izango dira gaurko eguna osatzeko. Biharkoa, ekitaldiz betea dator.
Ordiziako Otegi-enea auzoan aurrera jarraitzen dute ostegunean hasi ziren San Joan jaiak. Goizean eta eguerdian eguraldiak ez du asko lagundu, baina auzoko plaza eta taberna ondoetara inguratu da jendea, batez ere Amets Bide eta Urdaneta dantza taldeen emanaldirako. Leire Muruak eta Uxue Iruretagoienak trikitpoteoa alaitu dute gero, eta haurrek marrazteko aukera izan dute. Auzo bazkaria egin dute ondoren, paellarekin, eta bazkalondoan eta arratsaldean mus txapelketa, Marta Artekin eskulanak, Burrunbazale txaranga eta buruhandiak eta Tropikana Son taldearen dantzaldia izango dira.
Bihar da jaietako azken eguna. 11:00etan, haurrentzako eta gazteentzako aurpegi eta ile margotze eta orrazte tailerra izango da, gazteen toka lehiaketarekin batera. Patata tortilla lehiaketa ere egingo dute, 12:00etan. Goierriko Bertso Eskolako Irati Sanchez eta Sustrai Goenaga bertsolariek giroa alaitzen duten bitartean. Arratsaldean helduen toka txapelketa, apar festa eta Marsel ilusionistaren magia saioa izango dira. Buruhandiek itxiko dituzte jaiak, 19:45etik aurrera.