Elkartasun helburua duen motorzaleen topaketa egin dute Idiazabalen
Euriari aurre eginez, dozenatik gora motor gidari elkartu dira herriko plazan, gero Goierrin zehar bira txiki bat egiteko. Bazkariarekin lortutako dirua Katxalin elkartearentzat izango da. Arratsaldean kontzertuak izango dira.
Euria eta motorra ez dira oso lagunak, eta gaur goizean eguraldiak asko lagundu ez badu ere, Euskal Aker Goiherri Bikers motorzaleen taldeak Idiazabalen elkartzeko egindako deialdiak aurrera egin du. Dozenatik gora motor eta gidari bildu dira herriko plazan jarritako karparen babesean, eta hamarretakoa egin ondoren, Goierritik zehar bira txiki bat egiteko abiatu dira.
Ormaiztegiko Itxune tabernan geldialdia egin dute eguerdi partean, eta Idiazabalera itzuli dira gero, paella bazkaltzeko. Elkartasun bazkaria izan da, txartelekin lortutakoa Katxalin bularreko minbizia jasan duten emakumeen elkartearentzat izango da. Katxalineko kideak ere bertan izan dira, bazkariko lanetan laguntzen eta elkarteko materiala saltzen.
Festak arratsaldean izango du segida, hainbat produkturen zozketarekin, jolasekin eta Anonimos Rocanrrol eta Zikins Party taldeen kontzertuarekin.