Aldarrikapen ikurrak jarri eta disko festa egingo dute gaur Legazpin, LGTBIQ+ egunean
Garagunearekin, Haztegi ikastolarekin eta Nerabeen Zerbitzuarekin elkarlanean egindako banderak jarri dituzte eraikin publikoetan. Iluntzean Josu Rodriguez Dj-a izango da Latxartegi parkean.
Legazpin ere oihartzuna izango du gaurko LGTBIQ+ pertsonen askapenaren aldeko nazioarteko egunak Gizarte Ekintza, Gazteria eta Hezkuntzako udal zerbitzuen ekimenez. Atzotik jarrita daude aldarrikapen ikurrak eta banderak herriko hainbat eraikin publikotan, eta iluntzean disko festa bat egingo dute.
Aldarrikapen ikurren egitasmoa Garagunerekin eta Haztegirekin elkarlanean eraman dute aurrera, eta nerabeentzako zerbitzuko gazteak ere batu zaizkie. Guztien artean bandera batzuk egin dituzte, ostadarraren koloreekin eta “Legazpin, sexu askapenaren alde” leloarekin. Udaletxeko balkoi nagusian, kiroldegian, Kultur Etxean, Gizarte Zentroan eta Euskaltegian daude jarrita. Eraikin horretan, bestalde, ostadarraren koloreekin egindako eskumuturrekoak banatuko dituzte.
Iluntzeko disko festan ere banatuko dituzte eskumuturrekoak. Josu Rodriguez DJarekin izango da, 21:30etik 23:00etara, Latxartegi parkean. Saio honen helburua legazpiar guztiak sentsibilizatzea eta sexu aniztasuna aldarrikatzea da. Udalak parte hartzeko deia egin die herritarrei, “LGTBIQ+ kolektiboari babesa eskaintzeko, eta bizikidetza, errespetua, aniztasuna eta giza eskubideak sustatzeko”.