«Asko gustatzen zait lehia eta zure asmo berdinak dituenari irabaztea»
Borroka arte mistoen modalitatea praktikatzen hasi berritan, amateur mailako Espainiako txapelketa irabazi du Ander Altuna Politek (Legazpi, 1996). Profesionala izatera iritsi nahi du orain.
Zer dira borroka arte mistoak?
MMA bezala ezagutzen dira, Mixed martial arts. Borroka teknika asko biltzen dituen kirola da, lurrean edo zutik borrokatzeko. Lurrean, adibidez, jiu jitsua eta grappling-a erabiltzen dira. Zutik, kickboxing, muay thai edo K-1 dira kolpatzeko erabiltzen diren teknika batzuk, eta borroka greko-erromatarra edo borroka librea heltzeko tekniken artean.
Teknika asko menperatzea eskatzen duen kirola da, beraz.
Bai, teknika asko ikasi behar dituzu, baina horrek ez dizu ezertarako balio ez badakizu bakoitza une egokian aplikatzen.
Nola hasi zinen zu?
Kirol hau asko gustatu izan zait beti, baina duela gutxi hasi naiz fundamenturekin praktikatzen, nire garai errebeldea bukatu zenean. Telebistan Conor McGregor eta beste profesional batzuk borrokan ikusten nituenean, inbidia sentitzen nuen, baina ez nuen pausoa ematen, beste gauza batzuri ematen niolako garrantzia. Egun batean txipa aldatu nuen, eta egunero entrenatzen hasi nintzen.
Non entrenatzen zinen?
Azpeitira joan nintzen, jiu jitsu eta grappling egitera, eta asteburuetan mintegiak edo ikastaro espezifikoak egiten nituen. Serio hasi nintzen eta berehala ikusi nituen emaitzak. Gutxira, lehiatzen hasi nintzen.
Aurretik bazenuen oinarririk?
Kenpo eta sanda probatuta nituen. Azpeitian Jiu jitsu, gra-ppling, K-1, kickboxing… denetik egiten nuen, eta MMA ezagutu nuenean, Martuteneko gimnasio batean hasi nintzen Mikel Cortes eta Mikel Rodriguezekin entrenatzen. Gimnasioa aldatu eta bi-hiru hilabetera lortu dut Espainiako txapelketa.
Nola iritsi zinen Espainiara?
Asko gustatzen zait lehia, zure asmo berdinarekin ateratzen den baten aurrean jartzea, eta irabaztea. Txapelketa batzuk irabazita nituen, eta Euskadiko federazioak deitu ninduen.
Joan eta irabazi. Azken konbatea Youtuben dago ikusgai, eta oso bortitza izan zela dirudi.
Ez da hain kirol bortitza. Egun gutxi igaro dira, eta ez dut ubeldura bat bakarra ere. Amateur mailan, arbitroek berehala mozten dute borroka, arauak oso zorrotzak dira. Ezin dira ukondoak erabili, belaunekin ezin da aurpegia jo, eskuak babestuta eramaten ditugu… Profesional mailan bai, bortitzagoa izan daiteke.
Zer dator orain?
Amateur mailako liga batean sartzea nahiko nuke, 120 kiloko edo pisu astuneko kategorian, eta ea mundu mailako txapelketara iristen naizen. Horretarako Espainiako federazioak deitu behar dit. Bitartean, entrenatzen eta hobetzen jarraituko dut. Bestela, profesional izateko oraindik asko falta zaidala uste dut.
Profesional izan nahi al duzu?
Honetaz bizitzea gustatuko litzaidake, baina oso zaila da. Bitartean, tailer batean egiten dut lan astegunetan, eta larunbatetan Donostiako Complot diskotetan atezain gisa. Geratzen zaidan denbora, entrenatzeko edo mintegietara joateko da.