Futbolaren egun handia
Larunbatean jokatuko dute Futbol-zazpi txapelketako finala .Bazkaria dute gero txapelketako partaideek Azokan, 500 lagun .Festa giroa herri osora zabalduta, iluntzera arte luzatuko da
Iritsi da eguna, Legazpiko gazteek egutegian aspalditik markatuta duten uztailaren 2a. Futbol-zazpi herri txapelketako finala jokatuko da egun horretan Bikuña futbol zelaian, eta ondoren, txapelketan parte hartu duten jokalariak eta horien lagunak bazkarian elkartuko dira Azokan. Urteko futbol festarik handiena izango da.
Bikuñan izango da eguneko lehen hitzordua, txapelketako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko. Aztiri Bulls eta Tzelzi taldeek jokatuko dute lehen partida hori, 11:00etan. Ordu bete beranduago finala izango da lehian, Bayern de los Caidos eta La Patrulla taldeen artean. Girorik ez da faltako, eta aurreko urteetan bezala, futbol zelaia jarraitzailez beteko da.
Bazkarian 485 lagun
Futbol festa amaituta, bazkaria egingo dute, Azokan. 485 lagun daude izena emanda, eta bazkaltzeko, paella, makarroiak eta solomoa izango dute. Bazkalondoren, sari banaketa ekitaldia egingo dute. Aurten jokalari onenek, neskak zein mutilak, jokalari zaharrenak, golegile handienak eta txapelketa osoko jokalari onenak jasoko dituzte sariak. Azkenak, Aiztonagako Tigrea titulua eskuratuko du, gainera.
Sariak banatu ondoren, karro poteoa egingo dute, Gaztetxetik hasita, erdiguneko tabernaz taberna. Festa giroak iluntzera arte iraungo du.
Laguntzaileak
Futbol-zazpi txapelketaren 14. edizioa amaierara iritsiko da, beraz, larunbateko festarekin. Legazpiko Gazteak kirol elkarteak antolatuta, maiatzaren 21ean hasi zen, inoiz izan duen partaidetza handienarekin, 33 taldetan banatutako 410 jokalari.
Antolatzaileek Ilinti merkatari eta KATE tabernari elkarteen eta Txomin Zubeldia enpresaren laguntza izan dute.