Pipa azalak konpostgunera botata, amaitutzat eman dute TTak Legazpi Garbi kanpaina
Hilabete iraun du kanpainak, eta emaitza onak izan baditu ere, Legazpi garbiago bat lortzeko oraindik asko falta dela adostu dute inplikatutako agenteek.
Legazpiko Udalak duela hilabete martxan jarritako Ttak Legazpi Garbi kanpainari amaiera eman diote gaur goizean, Azoka ondoan dagoen konpost-gunera pipa azalak botata. Ekintza sinboliko horretan Maite Lonbide zinegotziak, Inma Hernandez udal teknikariak, Xabier Arrondo kale garbitzaileak eta Mattin Osinalde, Bittor Larraza eta Josu Moreno diseinatzaileek hartu dute parte.
Legazpi garbiago bat lortzeko helburua duen kanpainak bi atal izan ditu, eta horietako bat pipa azalen bilketaren inguruan gauzatu da herriko lau gozoki dendetan. Denda horietan jarritako ontzi berezietan hilabete osoan zehar bildu diren pipa azalekin konposta egingo da.
Ttak kanpainaren bigarren atala kale garbiketaren inguruan gauzatu da, eta 12 egunez herriko bost gune zikinenak garbitu gabe egon dira, eta egun horietan pilatu den zaborra eta zikinkeria ikusgai jarri dute hainbat faroletan poltsak zintzilikatuta.
Kanpainaren helburua Legazpi garbiago bat lortzea zen, eta hein txiki batean lortu da. Hala ere, oraindik egiteke asko dagoela diote inplikatutako agenteek, eta horren adibide gisa kalean ateratako argazki batzuk erakutsi dituzte. Horren aurrean, kontzientziazio kanpaina gehiago egin behar direla adostu dute.