38 urteren ondoren, San Blas arrautzarik gabe
Idiazabalen dagoen San Blas Arrautzak enpresa itxi dute behin-betiko. Azken urteetan, 5.000-bat dozena arrautza bildu izan dituzte egunero, eta dendetan, tabernetan zein Eroskin saldu dituzte.
San Blas Arrautzak enpresa itxi dute, eta ez du jarraipenik izango. Pedro Jose Iparragirrek sortu zuen enpresa, eta 80ko hamarkadan Jose Mari Munarriz eta Julia Aramendi senar-emazteak hasi ziren negozioarekin. Azken urtetan Iñigo Ordozgoitirekin batera zuzendu dute San Blas Arrautzak. Iparragirrek enpresa utzi zuenetik, 38 urte eman dituzte lanean, arrautzak produzitzen eta saltzen. Maiatzean itxi dute behin-betiko. Julia Aramendik (Ezkio-Itsaso, 1953) azaldu duenez, 80.000 oilo inguru eduki dituzte eta «egunero 5.000-bat dozena arrautza» izan dituzte.
Dendetara eta tabernetara saltzen hasi ziren, eta horrez gain, azkenaldian Eroskira ere zerbitzatu dute Ovo 12 kooperatibaren bidez. Azken urteotako egoerak enpresarekin jarraitzea zaildu du, eta hainbeste urteren ondoren, atseden hartuko dute. «Eguneroko lana da, inplikazio handia daukana, astegunetan zein igandetan egin behar da lan. Intentsoa da».
Hasi zirenetik «asko aldatu da» lan prozesua, eta lehen eskuz egin behar izaten zutena makinariarekin egiten da orain. «Lana asko erraztu zen. Osasun aldetik, exijentziak handitu dira, oiloen trazabilidadea, jana, tenperatura… balore asko neurtu behar dira».
Jarraipenik ez
Pandemiak eta gasaren zein zerealen igoerak eragin zuzena izan du arrautzetan ere, eta oiloak kanpoan eta lurrean hazteko egin beharreko inbertsioek —2028rako legez bete beharrekoa da— «bideraezina» egin dute negozioarekin jarraitzea. «Dena igo zaigu eta arrautzetan ezin izan da igoera hori islatu. Askok ez dakite zer dagoen dozena bat arrautzen atzean». San Blas Arrautzak ez du jarraipenik izango, baina Aramendi «pozik» agertu da «itxiera txukuna» eman ahal izan diotelako. Alboko industrialdean dagoen enpresa batek erosi du eremua, beste lan batzuk egiteko. «Alde batetik uzten duzulako beste sentimendu batzuk dituzu, baina behintzat lekua ez da hutsik geratuko eta bukaera txukuna izango du».
Jubilatzeko ordua
Atseden hartu eta jubilatu egingo dira orain Julia Aramendi eta Jose Mari Munarriz senar-emazteak. Baratzean ibiltzea dute gustoko, eta enpresa gunean duten baratza landuko dute enpresa berriak jarduna hasi arte behintzat. Familiarekin gozatu eta oporrak hartuko dituzte. «Ilusioarekin nago beste bizimodu bat izateko».