Literaturaren bidez kontzientzia zabaltzen
Amesgile argitaletxearen sortzaile den Betzaida Urtaza Elizburu legorretarrak bere azken lanak aurkeztu ditu. Proiektu xume bat bezala sortu zen, eta dagoeneko bederatzi argitalpen ditu.
Barruan gordeta zeukan sormena partekatzeko erabakia hartu zuen Betzaida Urtaza Elizburu legorretarrak, duela bi urte inguru. Aitaren heriotza medio, etxera bueltatu behar izan zuen 2019an, Europan lanean zebilela momentu hartan; «hasieran ez nekien zer egin, baina poliki-poliki inspirazioa etorri zitzaidan eta idazten hasi nintzen». Hainbat argitaletxerekin harremanetan jarri zen baina ez zuen erantzunik lortu. Momentu horretan, amak eman zion behar zuen bultzada, «guk argitaratuko ditugu, esan zidan», gogoratzen du Urtazak. Horrela sortu zuen Amesgile, bere argitaletxea, «amestu, ikasi eta ondo pasatzeko».
PIxkanaka-pixkanaka hazten joan da proiektua. Lehenik, Amalia eta espaziorako bidaia izan zen. Ametsen mundura bidaia zoragarria izan zen Urtazarentzat. Harrezkero, beste zortzi argitalpen egin ditu, beraz, bederatzi guztira. Horietatik zortzi haurrei zuzendutako ipuin ilustratuak dira, eta bat helduei zuzendutakoa, Maisha izenburua duena.
Azken hilabeteetako nobedadeen artean daude. Malen eta itsas izarra, «naturaren zainketa, enpatia eta emozioak lantzen» dituena. Bojana Stojanovic-en ilustrazioak ditu.
Musuak eta besarkadak, hain zuzen ere, «hain garrantzitsuak diren eta erdi ahaztuak ditugun maitasunezko adierazpenak goraipatzen dituen liburu eder eta hunkigarria da». Ffion Evans ilustratzaile alemaniarrak ipini dio irudia. Argitalpen hau gainera, berrikuntza batekin datorrela kontatu du Urtazak. Izan ere, QR kodea du eta horren bidez, ipuina entzutea posible da.
Apirilean, berriz, Ilma amonaren sekretua argitaratu zuen. «Formatu txikiago bat probatu nahi izan dut, eta hiru ipuinek osatutako bilduma bat izango da», azaldu du Urtazak.
Kontzientziazioa
Betzaida Urtazaren lan guztiek dute irakaspenen bat, letra eta marrazkien atzean gordetzen den mezuren bat, eta bere azken argitalpenean ere halaxe egin du. Plastiko gehiagorik ez! du izenburua eta hau ere Ffion Evans-en ilustrazioekin dago jantzita. «Ingurumenaren zaintzaren garrantziaz hitz egiten du, uste baitut, ezinbestekoa dela txikitatik gai honen inguruko kontzientzia hartzea», nabarmendu du ipuinaren egileak eta Amesgileren sortzailea denak.
Ametsak bete, sentimenduak kontutan izan, enpatia zabaldu, ondokoak maitatu eta zaindu, naturarekiko kontzientzia,… lerro horietan doaz Urtazaren aldarriak, eta aurrerantzean ere, «bide horretan» lanean segiko duela dio.
Hala, iragarri du, «laster sorpresa ugari» izango direla. Bere bigarren eleberria labetik ateratzeko moduan da, «tabuen inguruan hitz egiten du». Eleberri honekin, hainbat dinamika martxan jartzea da Urtazaren helburua.
Bestalde, ipuin kontaketa saioekin ere jarraituko du. «Gozamena da niretzat haurrekin zuzenean lan egitea».