Brontzezko domina lortu du Amaia Erbina ordiziarrak Europako errugbi zazpiko txapelketaren bigarren seriean
Irlandaren aurka finalerako txartela galdu ondoren, Eskoziaren aurka errebantxa hartuta lortu dute hirugarren postua.
Amaia Erbina errugbi jokalari ordiziarrak brontzezko domina lortu du Europako txapelketaren bigarren seriean Krakovian (Polonia), Espainiako errugbi zazpiko selekzioarekin. Erbinaren taldeak indartsu ekin zion txapelketaren bigarren faseari. Lisboan lortutako seigarren postua hobetzeko eta uztailaren 16an eta 17an Bukaresten (Errumania) jokatuko den munduko txapelketaren sailkapenari begira konfiantza hartzeko helburuarekin ekin zioten.
B multzoan kokatuta, talde oso indartsuen aurka borrokatu behar izan dute, hirugarren postura heltzeko. Frantzia garaitu zuten lehenik (7-17), Belgika ondoren (15-12), Gales ere erori zen Erbinaren taldearen oinetara (33-0) eta Eskoziaren aurka ezin izan zuten (17-14). Lautik hiru garaipen, multzoko bigarren pasa ziren finalerdietara, non Irlanda handia izan zuten aurrez aurre, eta ezinezkoa izan zitzaien finalerako txartela lortzea. 26-0 izan zen Irlandaren aurkako emaitza.
Hirugarren eta laugarren postuaren lehian ordea, Amaia Erbinaren taldeak Eskoziaren aurka errebantxa hartu zuen, 21-17ko garaipena Espainiako selekzioarentzat eta horrela, hirugarren postua eta brontzea lortuz.