Aldabeak ireki du atea
Aste honetan inauguratu dituzte herri erdi-erdian dauden bi apartamentu turistikoak . Energia berriztagarriak erabiltzen dituzte . Udarako okupazio aurreikuspen onak dituzte
Obrak espero baino gehiago luzatu dira, baina udako kanpainari aurre egiteko puntu-puntuan ireki du atea Legazpiko Aldabeak. Herri erdian kokatua dauden bi apartamentu turistiko dira Aldabea. Monika Monteagudok eta Alberto Bezunarteak sustatuta, turismoa eta jasangarritasuna uztartzen dituen proiektua dute oinarrian.
Astearte iluntzean egin zuten inaugurazio ekitaldia, Isa Diaz sukaldariak eta beste hainbat lagunek prestatutako jaki begetarianoekin lagunduta. Bertaratu zirenek, jaki horiek dastatzeaz gain, bi apartamentuak bisitatu eta horien energia instalakuntza jasangarriak ezagutzeko aukera izan zuten.
Lehen maizterrak sartu dira dagoeneko bi apartamentuetara. Udako denboraldirako aurreikuspen onak ditu bikoteak.
Legazpi erdi-erdian
Monteagudok eta Bezunarteak espero baino beranduago ireki dituzte apartamentuak. Izan ere, eraikinean agertu ziren hezetasun arazo batzuen erruz, sei hilabeteko obra izan behar zena ia hamaika hilabetekoa izan da. Emaitza, bi apartamentu txiki dira: bi lagunentzako da bat, eta lau lagunentzako bestea.
Hiri apartamentu turistikoak dira, eta herriaren erdi-erdian daude, Aizkorri kalean, Euskal Herria plazatik metro gutxitara. Booking, Airbnb eta TripAdvisor plataformen bidez alokatu daitezke, baina zuzenean ere bai, www.aldabea.eus webgunean.
Turismo jasangarria
Aldabeak berezitasun bat du, «turismoaren alorrean proposamen aitzindaria» eskaintzen duelako. Izan ere, «energia egoki kudeatzeko eta aurrezteko neurrien aplikazioa, jasangarritasuna eta energia berriztagarrien erabilera» izan dituzte kontuan.
Eguzki plakak eta aerotermia erabiltzen dute energia sortzeko, eta eguzki sukaldea eta hiri baratze ekologikoa ere badituzte. Hori guztia nahi duenari erakusteko prest daude jabeak, eta energia berriztagarrien inguruan aholkularitza eman eta tailerrak egiteko ere bai. Laster, energia ekoizpena eta kontsumoa azalduko duten panelak jarriko dituzte kalean, eta Internetez ere monitorizatuko dituzte datuak.