Ongi etorri baserrira
Enba sindikatua 'Ongi etorri baserrira' egitasmoa aurrera eraman du. Ordiziako Arramendi baserrira gerturatu direnek txahal jaio berriak ikusteko aukera izan dute.
Enba sindikatuak antolatuta, atzo eta gaur, 7. ‘Ongi etorri baserrira’ egitasmoan parte hartu dute familia ugarik. Baserriaren eta hiriaren arteko zubiak eraiki nahi nahi izan dituzte beste behin ere, baserriko ateak irekiz eta baserritarrek egiten duten lana ezagutzera emanez. Goierriren kasuan, Olaberriko Irantzuagak, Zeraingo Ariztizabal eta Txirbilek, Aralarreko Beltzulegi, Ordiziako Arramendi, eta Zeraingo Olabide eta Idiazbalgo Ondramuño ustiategiek hartu dute parte.
Ordiziako Arramendi baserrira joan diren zazpi familiek (30 lagun) ez dute berehalakoan ahaztuko Arramendin bizi izan dutena, batez ere, goiztiarrena iritsi den familiak: txahal bikiak jaiotzen ikusteko aukera izan baitute. Gainerakoek, txahalek zutik jartzeko egindako lehenengo ahaleginekin gozatu ahal izan dute. “Berehala banatuko ditugu amarengandik. Esne gehiegi edukitzen du amak eta txahalek esne gehiegi hartzen dute eta kalte egiten die. Guk ematen diegu amaren esnea”.
Jose Ramon Arsuagak emanda dizkie Arrramendin frisoi arrazako esnetarako behiekin egiten duten lana. 60 bat behi dituzte eta Kaikuri saltzen diote ekoizten duten esnea. “Egunero etortzen da kamioia. Batez beste, 32-33 litro esne ematen ditu behi bakoitzak egunean. Beraz, badakizue Kaiku produktuak erosten dituzuenean hemengo esnearekin egindako produktuak direla”.
Behien janari dagokionean, apiril bukaeratik hasita inguruko larreetan bildutako belarra, lastoa eta pentsua ematen diete, arrazionatuta. Automatizatuta daukate dena. Ukuilua teknologia berrietara egokituta daukate. “Azpietarako hormigoia zegoen aurretik eta orain goma jarri diete erosoago egoteko. Haizegailuak ere jarrita dauzkagu. Asko sufritzen dute behiek 30 gradutik gora daudenean. 23 gradura igotzen denean martxan jartzen dira”.
Esnea ekoizteaz gain, baserritarrek ingurunea ere zaintzen dutela gogorarazi diete familiei.
Bisitarekin amaitzeko, mokadutxoarekin indarrak hartu eta eskulanak egiteko aukera izan dute.