Eskola-materiala eta informatika-ekipoak erosteko laguntzak emango ditu Legazpiko Udalak
Familia-errentaren arabera banatuko dituzte laguntzak. Erosketak uztailaren 1etik urriaren 31ra bitartean egin behar dira, eta diru-laguntza eskaerak, irailaren 1etik urriaren 31ra.
Legazpiko Udal Gobernu Batzordeak onartu berri du aurten ere emango dituela eskolarako materiala eta ekipo informatikoak erosteko diru laguntzak. Datorren ikasturteari begirako laguntza horiekin, udalak lagundu egingo die familiei eskolak dakartzan gastuei aurre egiten, eta, aldi berean, tokiko merkataritzan kontsumoa sustatuko du.
Aurten ere bi laguntza mota izango dira, eta familiaren errentaren arabera banatuko dituzte. Batetik, udalerriko dendetan eskola-materiala erosteko laguntzak izango dira, 70 eta 140 euro bitartekoak, seme edo alaba bakoitzeko. Bestetik, Gipuzkoako dendetan informatika-ekipoak erosteko laguntzak ere izango dira, 100 eta 350 euro bitartekoak, familia bakoitzeko.
Erosketa horiek uztailaren 1etik urriaren 31ra egin beharko dira, eta eskaerak egiteko epea, berriz, irailaren 1etik urriaren 31ra artekoa da. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Erdi mailako Lanbide Heziketako ikasleentzako laguntzak dira.
Iaz, 86 eskaera
Hezkuntza alorreko Maite Lonbide zinegotziak eta Isa Sanz teknikariak azaldu dutenez, iaz 2021ean 96 eskaera jaso zituen udalak: hiru ekipo informatikoak erosteko, 69 eskola-materiala erosteko eta 24, biak erosteko. Guztira, 80 familien artean 17.787,42 euro jaso zituzten. Jasotako eskaerek, bestalde, 33.571,97 euroko salmentak eragin zituzten.