CAF-LABek beroaren aurkako neurriak eskatu dizkio zuzendaritzari
LAB-CAF sail sindikalak Beasaingo eta Irungo (Gipuzkoa) tailerretako tenperatura altuei aurre egiteko inbertsioak eskatu dizkio zuzendaritzari. Sindikatuak salatu du aste honetan 30 gradutik gorako tenperaturak neurtu direla lan eremuan.
Langileek prebentzio zerbitzuarekin estres termikoari aurre egiteko protokoloa sinatu zuten iaz. Aktuazio plana baliagarria dela aitortu arren, motz gelditzen dela uste dute. «Azken urteotan geroz eta ugariagoak dira bero jasangaitza egiten duen egunak eta beraz arazoari irtenbide puntualak eman ordez, irtenbide integralak eta behin betikoak emateko planteamendua egin genion zuzendaritzari», azaldu du Mikel Fernandino LABeko ordezkari sindikalak eta Prebentzio Delegatuak.
Beste enpresa batzuek instalatuta dituzten klimatizazio sistemak ikusten izan dira LABeko kideak eta zuzendaritzari CAFerako baliagarria izan daitekeen sistemaren azterketa abiaraztea proposatu zioten.
Enpresak, ezezkoa
Enpresaren erantzuna ezezkoa izan dela kexatu da sindikatua: «Teknikoki ez dela bideragarria eta, batez ere, urtean egun gutxi batzuk baino ez direla eta arratsaldeko erreleboan plantillaren zati oso txiki bat baino ez dela aritzen bezalako argudioak erabili ditu», zehaztu dute. «Beste behin ere, arlo ekonomikoa langileon ongizatearen gainetik», atsekabetu dira.
CAFen baliagarriak izan daitezkeen sistemak inplantatu arte «borrokan» jarraituko dutela berretsi du LABek.













