Gorri kolorez bete dute herria ordiziako gazteek Gaztetxearen eta GKSren ekimenez antolatutako gazte egunean
Gazte eguna ospatu dute Ordiziako Santa Ana Jaietako haurren asteburuan Ordiziako Gaztetxearen eta Ordiziako Gazte Koordinadora Sozialistaren ekimenez, "Gazte langileok elkartasuna antolatu" lemapean.
Goizak aurrera egin ahala herria gorriz jantzi dute ordiziar gazteek Santa Ana Jaietako haurren asteburuan, gazte egunean. Ordiziako Gaztetxeak eta Ordiziako Gazte Koordinadora Sozialistak elkarlanean antolatu dute, “Gazte langileok elkartasuna antolatu”lemapean, eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizean prestaketen txanda izan da; goizean goiztik hasi dira. Ondoren, 13:30etan txosnagune parean elkartu dira gazteak eta Barrena Parkera joan dira, egunari hasiera emateko txupinazoa botatzera eta argazkia ateratzera, eta bertatik zuzenean bazkaltzera joan dira, aurrez elkartu diren lekura. Arratsaldeko 16:00etan bingo musikatua izan dute eta 17:30etan manifestazioa, frontoitik abiatuta, egunaren lema aldarri harturik. Jarraian 18:30etan Goierri Punken XIII.edizioa egingo dute Ordiziako Gaztetxean. Gauean 23:00etan Txosnagunean Rebel Noise, Rodeo, Dirty Old gasteiz eta DJ Adrinalinen kontzertuak izango dituzte.