Haurrak protagonista Ordiziako Santa Ana Jaien lehen asteburuan
Ordiziako Santa Ana Jaiak haurren asteburuarekin hasi dituzte, aginte-makila hartuz eta suziria botaz. Haurrek kuadrilletako blusekin herria kolorez bete dute gaurkoan eta musika eta dantza ere ez da falta izan festan.
Etxeko txikiek hartu dute agintea Ordizian Santa Ana Jaietako haurren asteburu bero honetan. Gaur goizean, 10:00etan haur txikienen txanda izan da, 2021.urtean erroldatutako haurrei zapiak banatu baitizkiete. Ondoren, alkate-makila jaso dute haurrek udaletxean eta behin agintea hartuta festei hasiera eman diete, udaletxeko balkoitik suziria botaz. Suziriaren danbadak lehertu du festa Ordizian eta orduztik ez da musikarik eta dantarik falta izan herrian. Jarraian, buruhandiak eta erraldoiak ibili dira herrian zehar kuadrillen kalejirarekin batera, Burrunbazale txaranga ordiziarrak herria girotu bitartean. Ordiziako txistulariek ere ez dute galdu jaien hasiera eta txistu, danbolin eta atabal hotsak izan dituzte haurrek lagun goizean zehar. Kuadrillen jetsiera egin dute txikiek eta horietako batzuk blai eginda amaitu dute.
Bazkalordua iristean ere festak ez du etenik izan. 14:00etan Plaza Nagusian bazkaldu dute haurrek, lagunartean eta festa giroan. Arratsaldean, urezko txirristan ibili dira jolasean Araba kalean eta ondoren, buruhandiak eta erraldoiak izango dituzte, Burrunbazale txarangarekin. Jarraian, haur animazioa izango dute, arratsaldeko 20:00etan eta txikien kuadrilla kalejiraren eta mozorro dantzaldiaren ostean emango diote amaiera egunari, zezen-suzkoarekin eta Xaibor DJarekin.