Legazpi Hiria argazki lehiaketara lanak aurkezteko epea abuztuaren 31ra arte luzatu dute
Lehiaketaren 23. edizioa da, eta aurten gaia aukeratzeko askatasun osoa izango dute partaideek. Argizaiola sarirako puntuagarria izango da.
Ikatza argazkilari elkarteak abuztuaren 31ra arte atzeratu du Legazpi Hiria argazki lehiaketara lanak aurkezteko epea. Aurten 23. edizioa du lehiaketak, eta ohi bezala, estatu mailakoa izango da eta Euskal Herri mailan hain entzutetsua den Argizaiola sarirako puntuagarria.
Aurten modalitate bakarra ezarri dute oinarrietan, eta argazkilariek gai libreko argazkiak aurkeztu ahal izango dituzte, editatuak edo editatu gabeak, eta koloretakoak edo monokromoak. Epai-mahaiaren lana etorriko da gero, eta sari-banaketa ondoren. Hori, datorren urriaren 7an egingo dute, Kultur Etxean, eta ondoren, aukeratutako lanen erakusketa jarriko dute ikusgai urriaren 21era arte.
Legazpi Hiria irabazten duenak 600 euro jasoko ditu. Bigarren eta hirugarren sariak ere izango dira, 300 eta 150 eurokoak hurrenez hurren, eta herriko saria ere bai, hori ere 150 eurokoa. Juan Mari Burguera artistak egindako garaikur bana ere jasoko dute laurek.
Iaz, 223 lan
Iazko edizioa, hogeita bigarrenean, 223 lan jaso zituen Ikatzak. Bi ataletan banatuta zegoen: libre, eta libre baldintzatua.
Libre ataleko irabazlea Diego Pedra izan zen, eta bigarrena, Santi Viladrich (biak Bartzelonakoak dira). Hirugarrena, Cuencako Jose Ramon Luna de la Ossa izan zen, eta herriko saria Carlos Mediavillak jaso zuen.
Libre baldintzatua atalean, Donostiako Jose Angel Amutxastegi izan zen irabazlea, Bermeoko Iker Pardo bigarrena, eta Urretxuko Pablo Perez (Surfista) hirugarrena. Herri mailako saria Legazpiko Santiago Fernandez de Quincocesek irabazi zuen.
Sari banaketa ikasko ekainaen 11n egin zuten.