Luzea izan da itxaronaldia
Igandean hasiko dira ofizialki Santa Ana festak. 12:00etan puntuan Ordiziako Mendizaleen, saskibaloi eta pilota elkarteko kideek botako dute jaiei hasiera emango dien suziria
Hiru egun baino ez dira falta Ordiziako Santa Ana festei hasiera ofiziala emateko. Pasa den larunbatean eta igandean haurren asteburua ospatu eta gero, ordiziarrek indarrak hartu dituzte herriko festak giro bikainean igarotzeko. Ordiziako Mendizaleen, saskibaloi eta pilota elkartea dira aurten pregoilariak. Igandean, 12:00etan puntuan jaien hasieraren ikurra den suziria jaurti eta lau egun izango dituzte aurretik festan murgiltzeko.
2019ko Santa Ana festak izan ziren, osasun larrialdia baino lehen ospatu ziren azkenak. Urte hartan, Hitzaro euskara elkartea eta Emaneurre taldea izan ziren pregoilariak. 2020. urteko martxoan, osasun larrialdiak hankaz gora jarri zuen guztia eta hurrengo bi urteetan ez da herriko festarik ospatu. Eten luzearen ondoren, aurten bai, lekukoa pasatzeko moduan daude, eta herrian ondo ezagunak diren beste hiru elkarteetako kideek helduko dute; Ordiziako Mendizaleak, Ordizia saskibaloi eta Jai Alai pilota elkarteetako kideek.
Hiru elkarteek urteurren garrantzitsuak bete dituzte azken bi urteotan, eta horiek ospatzeko ekintza ugari zituzten antolatuta, zeinak koronabirusak zapuztu zituen. Orain, udalak, ospakizunak borobildu ezin izan zituzten hiru elkarteei bigarren aukera bat eman nahi izan die eta ordiziar guztiekin partekatuko dute une garrantzitsu hau. Hala, igandean, eguerdiko kanpai hotsekin batera emango diete hasiera Santa Ana jaiei.
San Jose egoitzara
Udaletxeko balkoitik egingo den jaurtiketaren aurretik baina, udal agintariak, adineko pertsonen San Jose egoitzara gerturatuko dira, festak kalean gozatu ahal ezin izango duten haiekin keinu bat edukiz eta haiekin batera, jaiei hasiera sinbolikoa emango diete.
Saskibaloia eta antzerkia
Festak ofizialki hasi ez badira ere, egitarauan sartu dituzte gaur izango diren bi ekitaldi. Batetik, kuadrillen arteko 39. Saskibaloi Txapelketaren finala gaur jokatuko dute Jose Migel Barandiaran plazan, 19:00etan hasita, Ordizia Kirol Elkarteko Saskibaloikoek antolatuta.
Bestalde, urteko estreinua egingo dute herriko Urrup antzerki taldeko kideek. Tuppersex du izenburua eta antzerki taldeko Ana Martinezek idatzitako antzezlan bat da. Pertsona guztientzat zuzenduta badago ere, 50 urtetik gorako emakumeengan jartzen du fokua kontakizunak. Tuppersex-ek, txikitatik lagunak diren lau emakumeren istorioa kontatzen du. Haietako baten etxean elkartzen dira, Tuppersex saio bat egiteko. Hortik aurrerakoak, Ordiziako Herri Antzokian, gaur, 22:30etik aurrera.
Umore horia eta akelarrea
Azken urteetan gazteen artean indarra hartzen ari den ekitaldi bat da Umore horia. Larunbatean egingo dute, Kea Team Company-k antolatuta.
Egun berean, Santa Ana jaietan lehenengoz egingo duten ekitaldi bat izango da; Akelarre eguna. Osin?e Talde Feministak eta Ordiziako Koordinadora Feministak antolatu dute.Egun horren barruan, bazkaria egingo dute Tximista sagardotegian. Tiketak salgai daude Kirkil eta sugaar tabernetan. Arratsaldean, poteo ziklikoa eta musikatua egingo dute herrian zehar, eta egunari amaiera emateko, Akelarrea egingo dute Zuhaiztian.
Egun berean, Bulego taldeak kontzertua eskainiko du. Azkoitian 2019. urtean sortutako pop estiloko musika taldea da honakoa.
Herrian ez daudenei keinua
Bestalde, urteroko moduan, preso, iheslari eta deportatuen eguna ospatuko dute igandean, jaien lehen egunean. Jaien hasierako suziaren unean «Idoia, Jon eta Mikel gogoan!» izateko deia egin dute Etxeratek eta Sarek. 14:30ean, herri bazkaria egingo dute txosnagunean. Tiketak salgai daude Orlegi eta Herriko tabernetan.