Mendizaleen topaleku izango da berriz ere
Maiatzetik itxita egon ondoren, Urbiako Fonda berriz ere irekita egongo da San Inazio egunetik aurrera. Naiara Romatet eta Peio Bilbao elgetarrak dira fondako arduradun berriak.
Urbiako Fondak ateak irekiko ditu berriro laster. Azken 25 urteetan fondaren kudeaketa eraman duten Altzelai eta Altube familiek maiatzean itxi egin behar izan zuten eta harrezkero itxita egon da. Ekainean ustiaketarako deialdia zabaldu zuen Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoak, eta dagoeneko baditu arduradun berriak: Peio Bilbao eta Naiara Romatet elgetarrak. Irekierarako lanean dabiltza, San Inazio egunerako dena prest egon dadin.
Mendizaleen topaleku izan ohi da Urbia eta zehazki Fonda. Hala izaten segitzea espero dute. Maiatzean fondaren itxieraren berri izan zutenean aukerak aztertzen hasi ziren. «Beti gustatu izan zaigu leku hau eta kudeaketa hartzeko instalazioa ikusi nahi izan genuen», azaldu du Peio Bilbaok. Egoera ikusi ondoren, «bideragarria» zela ohartu eta horrela animatu ziren.
Aurrekoek egindako lanarekin jarraitu nahi dute. Produktuak antzerakoak izango dira. «Kudeaketa orokorrean berdina izango da, aldatuko den bakarrada Basatxerriko produktuak izango ditugula». Ordutegia ere berdina izango da, 08:00etatik 21:00etara, betiere dagoen jendearen arabera.
San Inazio eguna
Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoak jakinarazi duenez, San Inazio eguneko ospakizuna berreskuratuko da aurten. Egun horretatik aurrera Fonda irekita egongo dela baieztatu dute arduradun berriek: «Ziur ez dakigu noiz baina pixka bat lehenago irekiko dugu, aste horretan, San Inazio egunerako prest egoteko». Altzelai eta Altube familiek egindakoa «ahalik eta ondoen» mantenduko dute.
Urbiako Fonda 1925ean ireki zuten, ermita baino urtebete beranduago. Aizkorri-Aratz Parke Naturala bisitatzen dutenentzako geralekua izan da ordutik.