Zaldibiako sagastiei zukua darie
Herriko sagardo txapelketa egingo dute bihar Zubi-Buru elkartean, ohitura berreskuratuta. Zaldibian 2021eko sagar uztarekin etxeetan ekoitzitako 18 sagardo dastatuko dituzte, afarian.
Ondu beharrekoak onduta, eta ozpindu beharrekoak ozpinduta egongo diren honetan, iazko sagar uztaren emaitza apartsua probatzeko garai aproposena hauxe da, uda sasoia. Zaldibian horixe egingo dute bihar, eta Zubi-Buru elkarteak ohitura bat berreskuratuko du: herriko sagardo txapelketa.
Zaldibiako baserrietan eta etxeetan ekoitzitako sagardoek har dezakete parte. Helburua, ondo pasatzeko iluntze bat jartzeaz gain, herrian zenbat eta nolako sagardoak egiten diren jakitea baita. Eta badira batzu-batzuk: hemezortzi partaide aurkeztuko dira lehiaketara.
Behin sagardogileek lanik garrantzitsuena gauzatuta daukatela, txapelketak xumetasuna izango du lege: Zubi-Buru soziedadean elkartu, afari mokadu bat eginez sagardoak probatu, eta gustukoena adierazi.
«Afaria mokadu gisa izaten da, eta epaimahaia afaltzen daudenak dira. Probatzeko aterako dira sagardoak, eta mahaikoek beren botoa emango dute. Irabazleari sari sinboliko bat emango diogu, dirurik eta ez», aurreratu du Zubi-Buru elkarteko zuzendaritza batzordeko kide Amaia Sasiainek.
Txapelketa Zubi-Buru elkarteak antolatu du. Sagardogileek bihar 18:00etarako eraman beharko dituzte soziedadera etiketarik gabeko hamabi botila, hozten jartzeko.
60 lagunentzat afaria
Edonor joan liteke afaltzera, elkarteko bazkide izan ala ez; bai zaldibiarrak, bai kanpokoak. Txartelak Beti-Gazte jubilatu tabernan dauzkate salgai (15 euro). Menuan, atuna, tomate entsalada, txorizo egosia, oilasko hegoak, gazta, menbrilu eta intxaurrekin dituzte.
«Esperantza daukagu elkartea betetzea, 60 lagunentzat afaria ematea. Herri mailan, denentzat irekita dago», dio Sasiainek.
Hamabost urte atzera
Aspaldi samarreko ohitura da Zaldibian herriko sagardo txapelketa, baina ez dakite zenbatgarren edizioa den. Zortzigarrena ote den, diote. Azkeneko aldiz 2016an egin zuten. 2009an, adibidez, 17 sagardo aurkeztu zituzten, eta Zubiaurreko Aitor Iraetak irabazi zuen. 2007an, Arru baserriko Xabier Mendizabalek.
Baldintzak honakoak dira: 2021eko uztako sagardoa izatea, eta herrian egindakoa. «Zaldibian baserri denetan ez daukate dolarerik, eta batzuek beste batzuetara eramaten dute prentsatzera. Baina norbere sagastiko uzta izan behar du».