Gizarte zerbitzuak kontratatzeko espedientea martxan jartzea onartu du Legazpiko Udalak
Uztaileko udalbatzak eman dio onarpena etxez etxeko laguntza zerbitzua, adinekoentzako udal ostatu zerbitzua eta eguneko arreta zerbitzua emateko kontratazio espedienteari. Plenoan zerga araudian aldaketa bat egitea ere onartu dute.
Legazpiko etxez etxeko laguntza zerbitzua, adinekoentzako udal ostatu zerbitzua eta eguneko arreta zerbitzua emateko kontratazio espedientea onartu zuten aho batez uztaileko udalbatzan. Tramite hori igarota, Gipuzkoako Aldizkarian argitaratuko dute orain espedientea, eta zerbitzu horiek kontratatzeko prozesua hasiko dute; irailerako aurreikusten dute hasiera hori.
Udalbatza asteazken arratsaldean egin zuten, eta bileran beste gai bat ere landu zuten, Ordenantza Fiskalen atal baten aldaketa hain zuzen. Udaleko hiru lanpostu egonkortzeko prozesuak eragin du aldaketaren premia, lanpostu horietara aurkeztu nahi dutenei kobratu nahi zaien tasarengatik, Proposatutako aldaketak aldeko sei boto, kontrako bost eta abstentzio bat jaso zituen eta, ondorioz, hasierako onarpena eman zioten tasa berri hori Legazpiko araudi fiskalean txertatzeari.