Aisialdi aukera etxetik gertu
Goierritik irten gabe eta bertatik bertara dauden altxorrak eta txokoak ezagutzeko hainbat bisita gidatu egingo dira abuztuan. Natur ibilbideak ere aukeran daude
Datorren hilabeterako Goierriko turismo eragileek prestatu dituzten ekintzen laburpen bat kontsulta daiteke lerrootan.
JENTILAK ETA KOBAK
Ataungo Barandiaran museoak eta Lizarrustiko parketxeak bi ekintza prestatu dituzte abuzturako. Abuztuaren 7an, Jentilen lurraldean iparraren bila orientazio jolasa egingo dute museotik abiatuta (11:30). Abuztuaren 21ean, berriz, Sartu kobara! txango gidatua egingo dute Aralarko koba batera. Lizarrustiko parketxean da zita, 10:00etan. Izena emateko: 688 895 069.
LAUNA BISITA ASTERO
Igartzako Jauregiak aisialdi eskaintza oparoa prestatu du abuzturako. Asteazkenero, 16:30ean, bisita gidatua eta taloa egiteko tailerra eskainiko ditu, Asteazken borobila lemapean. Ostegunetan (16:30-17:30), Beasaingo industriaren hastapenak bisita gidatu tematizatua egingo du, eta ostiraletan, ordu berean, Igartzako emakumeen historia bisita gidatu tematizatua. Larunbatetan, berriz, Igartzako bisita mitologikoa eskainiko dute, 16:30ean hasita hori ere. Izena emateko: 943 08 77 98.
SAGARDOA ETA EHUNGINTZA
Ezkioko Igartubeiti baserri museoak bi eskaintza nabarmen ditu uda honetarako. Ostiralero, 11:30ean, Sagar zukua egiteko tailerra izango da, eta asteazkenetan, 11:30ean, Ehungintza tailerra. Biak ala biak familian egiteko modukoak dira. Horrez gain bisita komentatuak ere eskainiko dituzte. Izena emateko: 943 72 29 78 / 943 72 51 07.
BURDINA ETA OGIA
Legazpiko Mirandaola burdinola bitan jarriko dute martxan hilabeteren buruan: uztailaren 31n eta abuztuaren 28an. Interesatuek, Mirandaola parkera deitu behar dute (943 73 04 28). Abuztuaren 13an, Brinkolako Igaralde errota zabalduko dute, eta ogiaren txokoa ezagutu eta familian opiltxoa egiteko aukera izango da. Informazio gehiago: 943 72 20 42.
AZOKA ETA DASTAKETAK
Ordiziako D’elikatuz zentroak bi eskaintza ditu abuzturako. Batetik, Esperientzia gastronomikoa: D’elikatuz zentrora bisita gidatua eta Idiazabal Gaztaren dastaketa. Bestetik, Ordiziako azoka: iragana, oraina eta etorkizuna ibilbidea, asteazkenetan egiteko. Informazio gehiagorako: 943 88 22 90.
AUKERA GEHIAGO ERE BAI
Aizkorpe bailaran (Idiazabal, Mutiloa, Segura, Zegama eta Zerain) ere egongo da eskaintzarik abuztu honetan. Goiturren webgunean (goierriturismo.com) kontsulta daiteke horretarako. Naturaz gozatzeko bi aukera bikain ere badaude Goierri behealdean: Idiazabal Gaztaren Ibilbidea (GR-283) eta Ormaiztegi-Mutiloa Bide Berdea eta Zeraingo Aizpeako meatze gunea lotzen dituen ibilbidea.
Goierri garaian ere, aurreratutako bisita gidatuez gain, eskaintza zabalagoa da: Urretxuko Urrelur museoa, Antioko Interpretazio Zentroa eta Antioko ermita, Txillida lantokia eta Burdinaren museoa, 50eko eskola eta langileen etxebizitza, Iparragirre QR bidezko ibilbidea, ibilbide paisajitiskoa… Informazio zehatzagoa: urolagaraia.com.