Eztanda egin du jaiak Zegaman
Eman diete hasiera aurtengo Zegamako San Bartolome jaiei belearen jaitsierarekin, plaza mozorroz eta kolorez josita zutela. Alaitasuna eta bi urteko geldialdiaren ondoren jai-giro ikaragarria nagusi.
Lehertu da jaia Zegaman belearen jaitsierarekin batera. Goizeko 11:45 ziren kuadrillak mozorrotuta plazara gerturatzen hasi direnean haien karroza eta guzti. Plaza kolorez jantzi dute gaurkoan eta musika eta jaia izan da nagusi. Bi urteko etenaren ondoren ohikoa den belearen arrautza beste kuadrilla bati pasa diote gaurkoan. errugbilariz mozorrotutako emakume talde batek izango du 2023.urteko jaietara bitartean arrautza gordetzeko ardura eta ohorea. Jaiak aniztasunean eta errespetuz pasatzeko deia egin dute Zegamako udaleko balkoitik pregoilariek eta jaiei hasiera eman diete. Plazan, San Bartolome Jaiei hasiera emateko konfetia eta xanpaina izan dira nagusi, abesti eta salto artean. Hainbat mozorro desberdin ikusi ahal izango dira gaur egunean zehar Zegamako kaleetan, hala nola, traktorean zihoazen suhiltzaileak, ‘el conquistador del fin del mundoko’ parte-hartzaileak, prozesioa, Mario Karteko jokalariak, Kaiola Elektro-zatarra, errugbilariak eta turistak, besteak beste. Behin pregoia botata, hasi da txaranga hotsa Zegamako plazan, Iraunkorrak txarangaren eskutik eta egun guztian zehar izango da txaranga hau giroa jarriko duena, ekintza guztietan.