Hitz eta errima artean jolasean
Jaietako hirugarren eguneko eguerdian bertso-saioa izan dute zegamarrek. Andoni Egaña, Oihana Iguaran eta Angel Mari Peñagarikano aritu dira gaurkoan hitz eta errima artean jolasean, Amaia Agirre gai-jartzaile izanik.
Eguerdia kantuz alaitu dute zegamarrek San Bartolome Jaietako hirugarren egunean. Plaza azpiko arkupea bete dute gaurkoan Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Angel Mari Peñagarikano bertsolariek eta Amaia Agirre gai-jartzaileak. 13:30etan hasi da saioa eta ordubete inguruko iraupena izan du. Hainbat gai landu dituzte gaurko saioan; genero kontuek une oro izan dute lekua bertso-saioan zehar, forma desberdinetara aurkeztuz, hala nola, bikote harremanen baitako jarreretan, identitate kontuetan eta abar. Horrez gain, turismoaren gaia ere jorratu da, Egaña zarauzatarra izanik, Zarautzen nola bizi dituzten udako turismo masiboaren ondorioak kontatu baitu kantuan Agirrek jarritako puntuei erantzunez. Historiarentzat ere hartu dute tartetxoa Sevillako Giraldillaren ekintzaren oroituz, ureurrena baita.
Ikusleen ariketa gustokoena, hala ere, hitz ezkutuarena izan da. Bertsolari bakoitzarekin egin dute ariketa, guztiei Zegama herriaren inguruko hitz ezkutuak ezarriz. Une dibertigarria izan da, bai bertsolarientzat eta baita ikusleentzat ere. Saioari amaiera emateko hiru bertsolariak aritu dira puntuka, saioaren une onenak gogoratuz eta laburpen modukoa eginez agurtu dituzte ikusleak.
Arratsaldean bigarren saioa izango dute udaletxeko arkupean, arratsaldeko 18:00etan.