«Lehen taldeko helburua kategoria berrian sendotzea izango da»
Kepa Lasa Zaldua, Beasain KE-ko lehendakaria lehen taldearen igoeraz, aurredenboraldiaz eta datorren denboraldiko aurreikuspenez aritu da. Horrez gain, klubeko taldeak nola ikusten dituen denboraldi berrira begira azaldu du, baita Igartza Futbol Zelaiko hobekuntza-lanen inguruko zenbait xehetasun ere.
Beasain KE-ko lehen taldearen igoera bizi izan zenuten iaz.
Duela 20 urte geunden tokirako itzulera izan da klubarentzat, izan ere, Gipuzkoako laugarren taldea izan gara historikoki eta berriro horra itzuli gaitu igoera honek. Sari itzela izan da eta igoera prozesua oso goxo bizi izan dugu, azkenean, pixkanaka-pixkanaka joan gara garaipena gero eta gertuago ikusten eta ilusio handiko uneak bizi izan ditugu. Orain kategoria horretan lan egitea geratzen da baina gogotsu gaude.
Aurredenboraldian ez ditu oso emaitza onak eskuratu lehen taldeak. Nola ikusi duzue hau barrutik?
Aurredenboraldia beti izan ohi da gauza desberdinak probatzeko momentua, denboraldi berrira begira ahalik eta prestatuen joateko. Beraz, aurten ere ‘engranatze’ momentua izan da lehen taldearentzat. Posizio desberdinetan aritu dira jokalariak, jokatzeko hainbat modutan eta probatzeko unea izan da, hau da, prestaketa prozesu bat non ikusi ahal izan den zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Hala ere, nahiko aurredenboraldi normala izan dela esango nuke.
Zein aurreikuspen duzue lehen taldearekin datorren denboraldira begira?
Helburua kategoria berrian sendotzea da, izan ere, baldintza asko aldatzen ditu klubean maila honetan lehiatzeak, batez ere gastu aldetik, lekualdatzeei dagokienean, eta abar. Beraz, taldearentzat aldaketa den bezalaxe, klubarentzat ere bai eta guztion artean egin beharko dugu lan txukuna honetan mantendu eta aurrerantz joateko. Lehenengo kategorian egonkortzeko helburua jarri dugu, bai taldea eta bai kluba bera, eta gero gerokoak.
Igartza Futbol Zelaian hobekuntza-lanetan dabiltza.
Igartza Futbol Zelaiko hobekuntzak beharrezkoak ziren, duela 20 urte bezala baitzekoen zelaia. Hau hala izanik, segurtasun neurriak bermatze aldera hobekuntza hauek egiteko hautua hartu genuen, klubaren etorkizunerako ere beharrezkoa zelako balorazioa egin ondoren. Beraz, zelaiaren erabiltzaile diren Beasain KE-k, Goierri Gorrik zein herritarrek kirolaz modu seguruan eta erosoan gozatzeko.
Nola ikusten dituzu hurrengo denboraldira begira Beasain KE-ko taldeak?
Zaharrenetatik gazteenetara hasiko naiz. Preferente kategorian dugun taldea igoeratik gertu izan zen iaz eta denboraldi ona egin zuen. Talde bera mantentzen da aurten ere eta ondorioz, berriro ere igoerako aukerak izan ditzeketela uste dut, esperientzia gehiago baitute kategoria horretan iazko denboraldiaren ondoren.
Nazional mailako jubenilari dagokionean, helburua kategoria mantentzea izango da, azken urteetan bezalaxe. Ez da maila erraza baina urte nahikoa daramatzagu bertan dugun taldea mantentzen eta aurten ere hala egitea espero dugu. Hala ere, denboraldi on bat egiteak asko poztuko gintuen.
Ohorezko jubenilaren kasuan, talde hau zenbaitetan nazionalerako eta preferenterako zubi izaten da. Iaz lehen urteko jokalari asko zeuden talde horretan eta aurten, iazko esperientzia izanik iaz baino hobeto ibiliko direlakoan gaude.
Ohorezko kadete mailan jokalari oso onak izango ditugu aurten. Iaz lehen kadetean jokatu zuten zenbait jokalari izango dira aurten talde honetan eta joan den denboraldian igoera lortu zuten. Horrez gain, kadeteetatik jubeniletarako jauzia emateko aukera aparta izango dute aurtengo denboraldian lan txukuna eginez.
Ohorezko infantiletan oso talde polita daukagu. Iaz Gipuzkoako bigarren postua eskuratu zuten eta horrez gain, oso giro polita dute taldean, hori ere garrantzitsua baita. Beraz, zelai barruan zein kanpoan duten giroarekin eta daukaten kalitatearekin denboraldi ona egin dutelakoan nago.
Infantil txiki kategorian egongo direnek iaz nahiko denboraldi gorabeheratsua izan zuten baina oso pozik geratu ginen denboraldi bukaerarako lortutako emaitzekin, hau da, sentsazio ona zen nagusi denboraldi bukaeran. Horrez gain, oraindik haurrak dira eta formakuntza prozesuan daude eta prozesu horretan duten ilusioak eta ikasteko gogoak denboraldi ona egitera eramango dituelakoan nago.
Lehenengo infantilen kasuan, alebinetatik datorren taldea da, eta hauek ere formakuntza prozesu horretan daude, beraz, infantil txiki taldekoen aurreikuspen antzekoa dut talde honekiko. Ilusioa eta lana izang dira haien oinarriak eta formakuntza prozesu horretan aurrera pausoak ematea izango da helburua, ahalik eta denboraldirik onena egin dezaten.
Alebinetan errendimenduko eta parte-hartzeko taldeak ditugu. Errendimenduko taldeari dagokionean, iaz pare bat lehiaketa izan zituzten eta oso emaitza onak lortu zituzten, beraz, aurreikuspen ona egiten dugu. Parte-hartze mailako alebinari dagokionean, hobetzen jarraitzea eta emaitzak lortzen hastea izango dira aurtengo betebeharrak.
Adin txikienetako haurrak futbol eskolan ditugu. Hauekin beti izan dugu helburu bera: formatzea, kirolaren baloreak erakustea eta azken finean, futbolaz ikasi eta gozatzea.