Gozatu ederra hartu dute Brinkolan San Agustin jaiekin
Lehen rock kontzertuaren 25. urteurrena ospatu dute, auzoko nagusien omenaldia berreskuratu dute eta kantu-bazkaria egin dute lehen aldiz. Giro bikaina, jende asko eta ekitaldi ugari izan dira asteburuan zehar.
Abuztuaren 28a egun seinalatua da Brinkolan, Legazpiko auzo horretako zaindaria delako, eta egun horren inguruan ospatzen dituztelako jaiak. Bi urteko etenaren ondoren, auzotarrek berreskuratu dute ohitura hori, eta ederki gozatu dute amaitu berri den astebururako prestatutako egitarauarekin. Ostiralean hasi eta atzo iluntzera arte, ekitaldi ugari, jende asko eta giro bikaina izan dira auzoan.
Ohiko egitarauarekin itzuli dira aurtengo ‘sanagustinak’, eta ez dira falta izan musika, haurrentzako ekitaldiak, helduentzako jarduerak eta, nola ez, gastronomia ardatz izan dutenak. Baina ekitaldi horien guztien artean izan dira aipatzekoak, batzuk berriak izanagatik, beste batzuk bereziak izanagatik. Berrietan, aipagarriena, kantu bazkaria izan da, larunbat eguerdi-arratsaldean 90 auzotar elkartu zituena, Jokin Matxinandiarenaren akordeoiak, Juan Luis Unzurrunzagaren gitarrak, Iñaki Azarolaren aho-soinuak eta Jokin Balerdi eta Amaia Arangurenen ahotsek gidatuta. Tortila lehiaketa egin zuten ondoren, eta zazpi partaideren artean, Eguzkitza Beheko Idoia eta Nagore ama-alabak izan ziren irabazleak.
Ekitaldi berezien artean, ostiral gaueko kontzertua nabarmendu behar da. Auzoko lehen rock kontzertuaren 25. urteurrena ospatzeko (pandemiak atzeratutakoa), Meilora eta Modus Operandi taldeek emanaldia egin zuten. Lehen kontzertu hura 1994an egin zen, eta Antisepsia, Rama de Ke, Arakne eta Latzen taldeek jo zuten. Ordutik, makina bat talde igaro da auzotik. Larunbatean bertan, Erein, Kontuz eta Covan izan ziren jotzen.
Bestetik, aurten auzoko nagusiei egiten zitzaien omenaldia berreskuratu da, eta 20tik gora lagun elkartu ziren atzo, meza ondoren, jai batzordearen aldetik eta auzotar guztien partez oparitxo bat, aurreskua eta bertso batzuk jasotzeko. Omenaldia duela 50-bat urte hasi zen egiten, eta eliza atarian jarritako argazki erakusketa batean gogoratu ahal izan dute auzotarrek ekitaldi hori, Pello Agirrezabali eta Arriurdin auzo elkarteari esker.
Festak atzo amaitu ziren, baina hurrengo urtekoei begira hasi dira dagoeneko brinkolarrak.
Irudietan, asteburu osoko laburpena: