Bidezoru berria Urola kalean
Errei bakar batetik bideratzen ari dira ibilgailuak, eta tarteka errenkada luzeak sortzen dira. Lan horiek amaitutakoan, Bikuña Txikitik Motxorrora arteko bide zatia konponduko dute
Legazpitik Urretxu-Zumarragara aldeko irteeran ez da giro azken asteotan gidarientzat, Urola kalean errepidea konpontzeko egiten ari diren lanen ondorioz. Bidezorua berritzen ari dira Industrialdeko biribilgunetik Sidenor lantegi zaharrera bitartean, eta zirkulazioa errei bakar batetik bideratzen dute, txandaka, eta tartean-tartean ibilgailu errenkada luzeak sortuz.
Abuztuaren 18an hasita, hiru asteko iraupena izango dute konponketa lanek, eta horiek amaitutakoan, Bikuña Txikiko biribilgunetik Motxorroko bidegurutzera bitarteko errepide zatian hasiko dira.
Herria zeharkatzen duen GI-2630 errepideko bi sarrera-irteerak konpontzea da Gipuzkoako Foru Aldundia egiten ari den lan horien helburua, biak egoera kaxkarrean zeudelako. Inbertsio guztiaren zenbatekoa 671.136,43 eurokoa da.
Bi errepide tarte
Lantegien arteko errepide zatia da konponduko dituzten bietatik egoera okerrenean dagoena, eta tarte horretan, hainbat gunetan zorua erabat berreraiki behar dute, 40 zentimetro zulatuz.
Bikuñatik Motxorrora doan bideko zoruaren egoera hobea da, eta hemen, aglomeratu-geruza bat edo bi zabalduko dute, tarte bakoitzaren arabera.
Bi guneetan, bidezorua konpontzearekin batera, ohikoak diren drenatze hobekuntzak ere egingo dituzte.
Urretxu eta Zumarraga aldera doan errepide tartean eguneko 9.000 ibilgailu igarotzen dira, batez bestez, eta trafikoa txandaka bideratzeak eragozpenak eragiten ditu tarteka. Udana aldera doan errepide zatian, aldiz, eguneko batez bestekoa 2.000 ibilgailukoa da.