Errekarteko etxebizitza babestuak, zozketara
Babes ofizialeko 23 etxebizitza egingo dituzte gune berrian. Zozketan parte hartzeko Etxebiden izena eman behar da.
Errekarte kalean jabetzako babes ofizialeko 23 etxebizitzaren sustapena esleitzeko epea astelehenean amaituko da. Zozketan parte hartzeko Etxebiden eskualdean etxebizitza eskatzaile gisa izena emanda egon beharko da. Halere, berariaz eskatu beharko da. Idatzi bat aurkeztu beharko da, asteartea baino lehen, Etxebideren webgunean.
Irailaren 13an Etxebideren webgunean eta Eusko Jaurlaritzaren taula elektronikoan argitaratuko da zozketan parte hartuko duten pertsonen zerrenda. Kanpoan gelditu direnen zergatia ere jasoko da. Erreklamazioak aurkezteko epea zabalduko da orduan.
Babes Ofizialeko Etxebizitzak jabetza osoan erosiko dira. Goierrisukia SL sustatzaileak 23 etxebizitza eraikiko ditu. Horietatik hogeik, hiru logela eta bi bainugela izango dituzte. Hau da, 77,30 eta 88,34 m koadro artean; beste bi etxebizitzek, bi logela eta bainugela bakarra izango dute. Aurrekoak baino txikiagoak izango dira, hortaz: 55,41 eta 69,08 metro koadro artean; eta etxebizitza bat egokitua izango da, bi logelekin eta bainugela batekin. Etxebizitza hau 69,08 metro koadrokoa izango da.
Prezioak honako hauek dira: etxebizitza txikiena, eranskinekin, 147.654,58 euro eta etxebizitza handiena, eranskinekin, 200.992,13 euro. Biak BEZik gabe.