Euskara ikastaroa Seguran bertan eskainiko da taldea sortuz gero
Udalak UEMArekin elkarlanean baliabideak jarriko dituela jakinarazi du, "Segurako euskararen normalizazioan urratsak" emateko. Matrikula epea hilaren 27ra arte izango da.
Segurako Udalak jakinarazi du euskara ikastaroak herrian bertan eskaintzeko baliabideak jarriko dituela UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin elkarlanean, taldea sortzeko gutxieneko kopurura iritsiz gero. Behe, erdi eta goi mailako euskara ikastaroen eskaintza egingo da, eta izena ematen dutenen artean taldeak sortzeko aukera aztertuko da mailaren eta ordutegien arabera.
Udalak ohar bidez azaldu du Segura bezalako herri euskaldunetan “euskara jakiteak duen garrantzia kontuan hartuta, beste urte batez ahalegin berezia egin nahi” izan dutela euskara ikasteko edo hobetzeko. Taldeak sortuz gero, herrian bertan izango dira ikastaroak. Udalak diruz lagunduko ditu. %75eko diru laguntza eta %80ko asistentzia eskatu da.
Matrikula epea irailaren 27ra arte luzatuko da. Udalak herritarrak gonbidatu ditu parte hartzera, “Segurako euskararen normalizazioan, guztiokin batera, urratsak” emateko.
Euskara ikastaroez gain, 2022-2023 ikasturterako ikastaro proposamenak zabaldu ditu Segurako Udalak. Euskarazko literatura tertuliak liburutegian egingo dira, eta parte hartzaile berriek izena eman beharko dute kultura sailean. Hurrengo tertulia urrian izango da. Euskal dantza ikastaroak ere urrian hasiko dira, Baratze pilotalekuan. KZ Guneko ikastaroak Google aplikaziotik egin ahal izango dira. Kirolari dagokionez, soinketa ikastaroa irailaren 12an hasiko da Baratze pilotalekuan, eta yoga ikastaroa, aldiz, hilaren 27an, herri eskolako psikomotrizitate gelan.