N-1 errepideko Goierriko loturetan kobrantza arkuak jarri ditu Aldundiak
Gipuzkoako Foru Aldundiak soilik kamioiei kobratuko zaiela berretsi du. Espainiako Gobernuak autobideak erabat ordainpekoak bilakatzeko prozesua hasi du abuztuan.
Nazional 1 errepideko Goierriko zatia ordainpekoa bilakatzeko kobrantza arkuak prest daude. Uztailean Ordiziako arkua kokatu zuten eta abuztuan zehar sarrera irteeretako arku-erdiak edo banderolak. Nazional batera sartzeko, derrigor, horietako baten azpitik pasa behar da; irteteko, berdin. Egindako kilometroen arabera, gehiago edo gutxiago ordaindu beharko da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak GOIERRIKO HITZAri berretsi dio soilik kamioiek ordaindu beharko dutela: bat kategoriako ibilgailu astunek, hau da, 3,5 eta 12 tona artekoek, 0,22 euro ordainduko dute kilometroko; bigarren kategoriakoek, 12 tona edo gehiagokoek, berriz, 0,28 euro kilometroko. Hau da, kamioi astunenek ia sei euro ordaindu beharko dituzte Goierri alderik alde zeharkatzeko. Kanona datorren urte hasieran indarrean sartzea da asmoa.
Espainiako Gobernuaren asmoekin talka egiten du honek. Izan ere, Madrilgo gobernuak estatuko autobide guztiak erabat ordainpekoak bilakatzeko prozesua hasi berri du: abuztuaren 24an Errepideen Zuzendaritza Nagusiak Ineco aholkularitza-enpresari errepideen finantzaketa-sistemaren bat nola ezarri ikertzeko eskatu zion. 2024rako indarrean sartzea nahi dute.
Espainiak Europatik datorren erabakia dela esanez arrazoitu du erabakia. Adierazi du autobideetan bidesariak ezartzeko plan hori bat datorrela Espainiari 2019-2020 seihileko europarraren esparruan egindako gomendio espezifikoekin. Era berean, Espainiako Gobernuak dio Europar Batasuneko beste herrialde batzuek ere aplikatzen dituztela bidesari orokorrak.