Usurbe mendira festa giroa itzuli da
Iraileko lehenengo asteburuan, Beasainmendiko auzotarrek Usurbe mendiko jaia antolatu dute. Muruazpi baserriko Juani Urretabizkaia eta Iñaki Zubeldia omendu dituzte.
Aurten bai. 2020an eta 2021ean Beasaingo Usurbe mendian festarik izan ez bada ere, 2022an festa giroa itzuli da Usurbe mendira. Agorta festa leku bilakatu dute Beasainmendiko auzotarrek. Urteroko ohiturari eutsiz, beasaindar ugari igo da Usurbera. 10:45ean meza izan da Usurbeko gurutzean, eta 12:00ak alderako iritsi dira Usurbe Igoera lasterketako korrikalariak. Sari banaketaren ondoren, Laja eta Narbaiza trikitilariek eta Mikel Mendizabal eta Iker Zubeldia bertsolariek alaitu dute giroa.
Tartean, auzotarren omenaldiaren txanda izan da. Muruazpi baserriko Juani Urrestarazu eta Iñaki Zubeldia izan dira aurtengo omenduak.
Herri kirolak, bazkari herrikoia, haur jolasak eta erromeria izango dituzte arratsalde partean.
Aizkorri mendizale elkartekoak Zumarragatik Agortarainoko bidea egin dute.