Beasaingo garagardo festa, irailaren 29tik urriaren 1era
Loinazko San Martin azpia garagardotegi erraldoi bilakatuko da hiru egunez. Larunbatean, disko jartzaile batek girotuko du gaua. 30 garagardo baino gehiago izango dira aukeran.
Irailaren 29tik urriaren 1eko goizaldera arte, Beasaingo Garagardo Azoka martxan izango da Beasaingo Loinazko San Martin plaza azpian, Goierriko presoen alde antolatuta. Ordutegi luzeagoarekin dator aurten gainera.
Ostegunean, hilak 29, 18:00etatik 24:00etara, ostiralean 18:00etatik 01:00etara eta larunbatean 18:00etatik 03:00etara. Larunbat gauean, gainera, gauerditik aurrerakoa DJ Fulanak girotuko du, “afalostean jendeak erritmo onean jarrai dezan garagardo kartaz gozatzen”.
30 garagardo mota dastatu ahal izango dira, bertakoak eta nazioartekoak: Pilsner Horia, Helle Munchen Horia, Abadia Horia, Txigortuak, Abadia Txigortuak, Gorriak, Txuriak, eta IPAK… Katalogo ugaria, jatorri ugariko garagardoekin: Euskal Herria, Irlanda, Txekia, Herbehereak eta Alemaniako garagardo aukera ona, batez ere bavariarrak, eta Belgikako estilokoak, flandriar eta waloniar garagardoen artean ondo banatuak.
Jatekoa ere izango da aukeran, bi lagunentzat garagardo menu tipikoa, 32 euroan: ukondoa labean, saltxitxak plantxan, patata-purea, etxeko browninga postrerako eta bi garagardo pitxer aukeran. Menu osoarekin ausartzen ez direnek plater solteak hartu ahal izango dituzte: ukondoa, saltxitxa bikote alemaniarra, oilasko hegalak edo patata biziak.
Bestalde, Garagardo Azoka honetarako litro erdiko pitxerrarentzat prezio bakarra ezarri da eta 5 eurokoa izango da.