Euskal pentatloi txapelketako finalera sailkatu da Xabier Zaldua
Zumarragarrak denbora onena egin du. Arria II.ak 1983an egindako errekorretik bost segundora gelditu da. Finala hilaren 24an jokatuko da, Azpeitiko zezen plazan
Xabier Zaldua euskal pentatloi txapelketako finalera sailkatu zen larunbat arratsaldean. Denbora onenarekin, gainera. Sei finalistak Xabier Zaldua (12:12), Andoni Iruretagoiena Izeta VI (12:22), Julen Gabirondo (13:21), Jokin Urretabizkaia Basozabal (13:31), Aitzol Atutxa (13:22) eta Ioritz Gisasola (13:27) izango dira. Finala hilaren 24an jokatuko da, 22:00etan, Azpeitiko zezen plazan.
Euskal pentatloi txapelketako finala hilaren 24an jokatuko da: 22:00etan, Azpeitiko zezen plazan. Nesken finala ere egun horretan jokatuko da. Hiru neskek parte hartuko dute.
Penatuta
Zaldua gustura ageri da egindako lanarekin, baina pena txiki bat du: Arria II.ak 1983an egindako errekorretik bost segundora gelditu zen. «Kana erdikoan kortea itxi egin nuen eta bukatzerakoan segundo batzuk galdu nituen».
Zumarragarrak bazekien denbora ona egingo zuela. «Etxean oso entrenamendu onak egin nituen. Egurra ona bazen, errekorretik gertu ibiliko nintzela uste nuen. Egurra ona zen, baina ez marka hausteko aproposa. Dena den, errekorra egin ez banuen, nik egindako akatsagatik izan zen».
Andoni Iruretagoienaren akatsak ere ez ziola lagundu uste du. «Iruretagoienarekin aritu nintzen eta berak egindako akats batek ere ez zidan lagundu: korrika saioa behar baino apur bat aurrerago hasi zuen eta irteera errepikatu behar izan zuen. Hori dela eta, berehala alde handia lortu nuen. Estutu izan banindu, azkarrago korrika egingo nuen», aipatu du Zalduak.
Faboritoak
Finalari begira, faborito nagusiak Izeta VI. eta Gabirondo direla uste du. «Finaleko lanak gogorragoak dira eta Izeta VI. eta Gabirondo ni baino handiagoak dira. Harria jasotzen ni baino gutxiago nekatzen dira. Dena den, beraiei aurre egiten saiatuko naiz», aurreratu du Zumarragako kirolariak.
Zalduak hiru aldiz irabazi du pentatloi txapelketa, baina iazko edizioan ez zuen parte hartu. Hori dela eta, gogo handiz ekin dio aurtengo txapelketari. Aurtengo erronka nagusia du.