«Aurreneko aldiz ekarri dugu gazta ketua lehiaketara»
Joxe Mari Jauregi eta Eli Gorrotxategi goierritarrek Illarduian (Araba) duten La Leze gaztandegiak irabazi du Ordiziako 49. Gazta Lehiaketa.
Nolatan aukeratu zenuten gazta hau?
Etxean dastatu genituen bost gazta. Denok dastatzen dugu, baina aurreneko aukeraketa nik neuk egiten dut, gazta saldu aurretik beti dastatu egiten baitut. Batzuk nabarmendu egiten dira, eta horregatik aukeratu egiten ditugu batzuk. Lau gazta geneuzkan oso antzekoak, eta horietako bat ekarri dugu. Martxokoa, eta aurreneko aldiz ketua.
Gazta egiteko zer sekretu duzue?
Beti berdin egiten dugu gazta, baina faktore askok eragiten dute: eguraldia, ardiak non larratu diren…
Zenbat urte gaztak egiten?
26 urte daramatzagu gaztak egiten.
Segidarik baduzue?
Bai, semea daukagu gurekin, Arkaitz, eta pena da gaur bera ez etortzea. Gaur bera geratu da arduradun ardiekin, baina esandakoa, sari hau familia guztientzako da.
Sariak jasotzen ikusi zaitugu, baina gaur bereziki hunkituta ezta? Sorpresa izan al da?
Bai… Guk beti apustu egin dugu txapelketa honetara gazta naturala, gazta zuria ekartzen. Horrenbeste urte pasatu eta gero, ikusi dugu ketuta izan behar zuela irabazteko. Ez nuen buruan ketua ekartzea, baina semearekin dastaketa egin genuenean hark esan zidan ketua eramateko, eta hemen gaude.
Eta orain, nola ospatuko duzue?
Hasieran lagunekin. Bazkaltzera joango gara, hemen bertan, Ordizian. Eta gero familiarekin eta bezero guztiekin. Gaur txapelketa hau irabazi dugu, beste leku eta urte batzuetan beste batzuk, baina gure bezeroak dira egunero gazta erostera etortzen direnak, gustura daude, eta beraientzat da saria.