Lau eguneko festa egitarau betea antolatu dute Igartzako auzotarrek
Ostegunean pintxopote musikatua egingo dute. Ostiralean pailazoak, ardo dastaketa eta kontzertuak izango dira. Larunbatean mus txapelketa eta afaria
Lau eguneko festak izango dituzte Igartza auzoan, ostegunean hasi eta igandera bitartean, Loinatz futbol zelaiaren ondoko aparkalekua festa gune bilakatuta, karpa, txosna eta barrakekin hornituta. Osteguneko pintxopote musikatuarekin hasiko dute egitaraua.
Ostiralean, berriz, ez dute hutsik egingo Pololo, Elena Magdalena eta txiki pailazoek. Pailazoek HITZAri aurreratu diotenez, «sorpresatxoren bat» egongo da. «Barre txiki edo handi batzuk botatzeko» Igartza auzora gerturatzeko dei egin die herritarrei.
Pailazoen ondoren, ardo dastaketa hasiko da. Edanaz gain, jatekoa ere izango da aukeran.
Mus txapelketa, Kattalinen
Larunbateko ekitaldiei dagokionean, hemezortzigarren mus txapelketa jokatuko da Kattalin erretegian, 16:30ean, 4 erregetara. Izen ematea txapelketa hasi baino ordu erdi lehenago irekiko da. Bikoteko 25 euro ordaindu behar dira. Bikote irabazleak txapela eta bildutako diruaren %60a jasoko du; bigarrenak bildutako diruaren %30a eta hirugarrenak, %10a. Igartzako lehendabiziko bikoteak bi txuleta eta bi ardo botila jasoko ditu.
Bestalde, patata tortilla lehiaketarako izena eman behar da 600 398 668 telefonora idatzita. Izena ematerakoan 10 euro ordaindu behar dira.
Azkenik, afari mozorrotutako gaia, zirkua da. Jateko, oilasko erdiak salduko dira patatekin, 8 euroan.
Herri kirolak
Igandean, azkenik, goizean goiz II. Arrantza lehiaketa jokatuko da. Izena Antzizar tabernan edo 660 028 557 telefonoan eman behar da.
Festei amaiera emateko, ohiko herri kirol jaialdia antolatu dute Igarloi elkartekoek. Ostolaza aita-alabak ariko dira harri jasotzen, eta Aitor Urteaga eta Iñaki Azurmendi aizkolariak aizkora lanean.